Irungo EAJren udal taldeak Belaskoenea eta Artigako parte hartze prozesuen ondorioen gaineko balorazio “kritikoa” egin zuen atzo. Gainera, udal gobernuak proposatutako “aurrekontu sailak erabat eskasak direla” iritzi diote jeltzaleak. Udal gobernuak aste honetan plazaratu zituen bi auzoetan garatutako parte hartze prozesuen gaineko
ondorioak.
Belaskoeneari dagokionez, bileran entzundakoak eta memorian bildutakoak bat ez datozela salatu du EAJk. “Prozesuan zehar atera diren proposamenak aztertzeko, udalaren eta Belasko industriaguneko jabeen artean negoziazioak zabaltzea proposatu zutela jasotzen da memorian” azaldu dute jeltzaleek. “Hala ere, auzo elkarteko presidenteak dio gai hori ez zela bileretan atera”.
Hala, Belasko industriagunean kokatutako enpresetako jabeak bileran izan zirela adierazi dute EAJren udal taldetik, “norbanako bezala eta inoiz ez Belasko eraikineko lokaletako jabeen ordezkari moduan”. Horiek horrela, eremu industriala eremu publikora bideratzea proposatu du udalak aste honetan. Horrekin ere desadostasuna agertu dute EAJko kideek, “ideia ez baita eztabaidatu ere egin”.
Artigako kasua
Parte hartze prozesua Artigan ere garatu eta bertako ondorioak jakitera eman ditu aste honetan tokiko gobernuak. “Emaitzek ez dituzte Artigako bizilagunak asetzen, etorkizunerako uzten baitira aparkalekuari buruzko irtenbide garrantzitsuenak”. Tartean, 70 aparkaleku sortzea, eta Pio Baroja kalea oinezkoentzako kale gisa finkatzea aipatu ditu Irungo EAJk.
Aparkalekuen arazoari irteera emateko kostua zenbatu beharko lukeela dio EAJren udal taldeak, eta datozen urteotako aurrekontu sailetan kostu hori banatzea proposatu dute.
21.000 euroko bilerak
Bileretan parte hartu duten bizilagunen kopuruarekin ere desadostasunak agertu dituzte Xabier Iridoy bozeramailearen taldekoak. Izan ere, Belaskoeneako lehen bilkuran 53 lagun izan zirela aipatu dute, eta bigarrenean aldiz, 25. Artigako datuak are okerragoak dira: lehen bileran 22 lagun izan ziren eta bigarrenean, 13.
“Prozesuak hasi baino lehen adierazi genuen jada, inolaz ere ez zela beharrezkoa 21.000 euro gastatzea”, bukatu dute jeltzaleak.