Iazko probaren irudi bat
Euskanikross taldeak antolatuta, Jaizkibelgo II. Txakurkrosa egingo dute igandean (hilaren 27an). Espainiako Koparako eta Gipuzkoako Txakurkros Ligarako puntuak banatuko dituzte bertan. Antolatzaileek bost mailatan sailkatu dituzte parte hartzaileak, honakoak:
- Haur-kadeteak: 10 urtetik 13 urtera.
- Gazteak: 14 urtetik 16ra.
- Seniorrak: 17tik 39ra.
- A Beteranoak: 40tik 49ra.
- B Beteranoak: 50etik gorakoak.
Federatuek eta ez federatuek parte har dezakete proban. Hala, federatuek (gazteak, helduak eta beteranoak) 6,6 kilometroko bidea egingo dute, eta ez federatuek nahiz Haur eta Kadete mailetako kirolariek 2,5 kilometrokoa. Maila bakoitzeko hiru lehenentzat (emakumeak eta gizonak) sariak izango dira, eta irteera eta helmuga Jaizkibelgo kantinaren ondoan izango dira. Aldez aurretik izena emateko epea gaur (ostirala) bukatuko da, eta kirolari federatuek 15 euro ordaindu behar dituzte parte hartzeko, eta ez federatuek, berriz, 18 (herri mailakoek eta haur-kadeteek, 10 euro). Bihar eta etzi ere izango da izena emateko aukera, baina prezio garestiagoekin: federatuek, 20 euro; ez federatuek, 25; eta herrikoiek eta gazteenek, 15 euro.
Izena emateko eta probaren xehetasun gehiago izateko
Euskanikrosen webgunean sar daitezke interesdunak. Beheko zerrendan, probaren ordutegia dago:
- 08:30etik 10:15era: albaitarien kontrola eta dortsalen banaketa.
- 10:30ean: informazio bilera.
- 11:00etan: probaren hasiera maila nagusientzat. Horien ondoren herri kirolariak eta haur-kadeteak aterako dira.
- 12:30ean: emaitzen berri emango dute.
- 13:15etik aurrera: sariak banatuko dituzte, eta salda eta pintxoak emango dituzte.
- Harremanetarako telefonoak eta posta elektronikoa: Juan Mari Lujanbio (659 73 83 20); Elena Diez (629 47 04 35); euskanikross@terra.es