Gurutz Linazasoro (Arg.: Goierriko Hitza)
Garunaren inguruko nondik norakoak azalduko ditu Gurutz Linazasoro (Zumarraga, 1959) neurologoak heldu den asteartean Oiartzunen.
El cerebro en la salud y en la enfermedad izeneko hitzaldia emango du udaletxeko areto nagusian, 19:00etatik aurrera, Arraztalo elkarteak antolatuta.
Zer kontatuko diezu hitzaldira hurbiltzen direnei?
Garunaren inguruko kontuak batik bat. Garunak nola funtzionatzen duen azalduko dut, horrek pista asko emango dizkigu pertsonak zergatik garen garen bezalakoak jakiteko eta zergatik dugun jarrera bat edo beste. Garuneko hainbat zatik huts egiten dutenean hainbat gaixotasun edo arazo sor daitezke eta horiei konponbidea aurkitu behar diegu.
Buruko gaixotasun batek lotsa, beldurra… eragiten du eta sufrimendua partekatzea esperientzia zaila da. Hori da Arraztalo elkarteko kideek diotena. Nola egin behar zaio aurre egoera horri?
Konplikatua da, egoera oso gogorrak direlako. Egoera horietan oso garrantzitsua da zezenari adarretatik heltzea, hori da gakoetako bat. Norberak gaixotasun bat duela eta horri aurre egin behar diola onartzen duenean askoz errazagoa da gaixotasun hori tratatzea. Esaten den bezala, batailaren erdia irabazita dago. Bigarren pausoa moldatzea da, gaixotasunarekin ahal den hoberen bizitzea. Hamabost segundotan esaten diren bi gauza dira, baina esfortzu handia eskatzen dutenak, pertsonaren aldetik, familiaren aldetik eta gizartearen aldetik ere. Ez da erraza, gizarteak gaixoa apartatzeko joera du eta hori aldatzeko lan egin behar da. Sentsibilizazio kanpainak, elkarteen lana… oso ondo etortzen dira gizartea kontzientziatzeko.
Askotan zerbait gertatzen zaigunean hasten gara arduratzen. Gure burua, garuna, zaindu dezakegu?
Modu askotara, gainera. Gero eta argiago dago daramagun bizitza kalitateak modu batera edo bestera eragiten duela, adibiderik argiena estresa da. Bizitza estresagarri batek antsietatea errazten du, depresioak… Dieta eta ariketa fisiko moderatuak gaixotasun asko saihestu ditzake.
Urtero dentistarengana, ginekologoarengana… joaten gara errebisioa egitera. Neurologoarengana joan beharko ginateke?
Tratamendu prebentiboak egongo balira joatea mereziko luke eta ikerketa asko horri bideratuta daude, ikerketa pertsonalizatuak egitera, baina hori lortzetik urruti gaude. Buruko gaixotasunekin gauza kurioso bat gertatzen da, hau da, gaixotasun jakin batzuen gaindiagnosia egiten da. Non hasten da depresio bat? Non bukatzen da normala kontsidera daitekeen tristura maila? Gauza bera gertatzen da antsietatearekin edo hiperaktibitatearen sindromearekin. Normalitatearen eta normalitate ezaren arteko mugak zehaztugabe daude, beraz, kontuz ibili behar da gauza hauekin.
Orain dela hiru urte egin zizuten elkarrizketa batean zenioen XXI. mendeko epidemia handienetako bat alzheimerra izango zela. Oraindik ere hori pentsatzen duzu?
Bai bai, dudarik gabe. Gaur goizean [herenegun] Japoniako finantza ministroaren hitzak entzun ditut esanez zaharrak berehala hil behar direla Japoniako defizit ekonomikoarekin bukatzeko. Mota horretako adierazpenak entzuten dituzunean konturatzen zara biztanleriaren zahartzea zoragarria dela denok nahi dugulako luzaroan bizi baina arazoak ekartzen dituela. Arazo horietako bat alzheimer bezalako gaixotasunak dira, zenbat eta zaharrago orduan eta ohikoago. Tendentzia oso argia da, alzheimer kasuak ugaritu egingo dira, baldin eta prebenitzeko edo sendatzeko zerbait aurkitzen badugu.