Arantxa Urbe: Gure ateak jo dituzte
Haizeari ezin omen zaizkio ateak ipini, landari ipini ezin zaizkion gisa. Haizeak ez du giltzik behar sarrailak zabaltzeko, sarraila-zuloaren barna badaki eroso ibiltzen atearen alde batera eta bestera. Poltsikoak giltzez beteta ibiltzera kondenatuta gaude gu, bien bitartean, gure bizitzan ipini ditugun ate guztiak zabalduko baditugu.
2008ko udaberrian, gure eskualdeko 22 etxeetako ateak bortxaz zabaldu zituzten gau ilunean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko bulego batean hala erabaki zuelako ate haien beste aldean zer zegoen gehiegi axola ez zitzaion epaile batek. Ateen bestaldean, ordea, egundo berdinak izango ez diren bizitza askoren ametsak zapuztu zituzten. Joan joan ziren, baina bizitza ez da egundo berdina izango etxe haietan.
Matriuskaren ondoan idatzi duten Gure etxeko atea zabalik dute irakurtzen dudan bitartean, zuri-beltzean datorkit gogora gau eta egun haien oroitzapena. Eta orain, ateak zabaldu eta geurera behingoz udaberri berria noiz etorriko begira geundela, euskaldun askorentzat zabalik dagoen ate bakarra kartzelakoa dela esanez datoz, berriro.
Ogroaren kontuarekin akordatu naiz. Inguruko haurrak ogroaren gazteluko lorategian ibiltzen omen ziren jolasean, bertan bizi zen izakiaz gehiegi arduratu gabe. Ogroak ez zituen umeak maite. Gazteluko leiho batetik zelatatzen zituen, eta hango bizipoza eraman ezinik, horma garai eta sendo bat eraiki zuen. Akabo, betirako, txiki haien festa!
Negua iritsi zen, eta elurrak estali omen zuen inguru hura guztia. Segidan etorri zen udaberria, baina zarratuta topatu zuen atea. Txoriek, belarrek, loreek eta tximeletek ere ezin izan zuten sartu. Ogro egoskorra pozik zen betirako umeak uxatzea lortu zuelako. Atea behin eta berriro zarratuta aurkitzearen poderioz, udaberriari ahaztu egin zitzaion, azkenik, lorategi hartarako bidea. Eta hala, neguak ekarri zituen hotza, iluna eta bakardadea betikotu egin ziren paraje hartan.
Bakardadearen atzaparrek harrapatu zuten ogroaren bihotza, umeen bozen oihartzuna ordezkatu zuen barrunbean oihartzun egiten hasi zitzaion tristurak. Kostata ulertu zuen zenbat gauza utzi zituen atearen beste aldera. Hala, egun batean, atea irekitzea erabaki zuen. Laster itzuli ziren umeak, eta haien atzetik udaberria. Eguzkiaren epelak urtu zituen elur eta izotzak, segidan etorri ziren txoriak eta gainerakoak. Ogroaren egoskorkeria ere urtuz joan zen, apurka, umeengana hurbildu eta haien zorionak kutxatu baitzion bihotza.
Etxeko atea zabaldu dutenei baino gehiago nago begira beren etxeko atea zabaldu ez dutenei. Begira-begira jarrita ohartu naiz itxita diruditen ate gehienak erdi irekita daudela; batzuetan jakin-minez, eta zalantzaz besteetan, beterik dauden begiradak suma daitezke ate-zirrikituetan gu zelatan: mesfidati, zergatik ez.
Arnasa sakon hartu eta ate horietara hurbiltzeko tenorea da, determinazioz. Atea kas-kas goxo jo, eta heltzear den udaberria ekartzeko haien laguntza ere beharrezkoa dugula esan behar diegu ate horien beste aldean daudenei: udaberria iritsiko bada, denon ahalegina beharko dugula. Guztiok biziko gara zoriontsuago udaberriaren epeltasunean, ziur: uste baino gutxiago dira ezezkoan tematuta daudenak.
Ezin omen zaizkio ipini ateak haizeari. Haizeak nola lortuko du askatasunak ere sarrailan barrena irristatu eta inguru hauetara iristea. Denbora kontua besterik ez da.
Maitane Linazasoro, Aitor Franco, Arkaitz Anza, Aitor Alberdi, Xabier Lujanbio, Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Goienetxe. Zazpi izen, zazpi izan, zazpi etxe. Zuek eta zuen etxekoak udaberriaren epelaz gozatzen nahi zaituztegu, gainerakoekin batera. Gure etxeko ateak, eta gure bihotzekoak ere, zabalik dituzue. Aupa zuek!