
Pedro Alegre zinegotziak ondorioen berri eman zuen atzo
Artiga eta Belaskoeneako parte hartze prozesuei bukaera eman die Irungo udal gobernuak. Gizarte Informazioaren eta Herritarren Parte Hartze arloko Pedro Alegre zinegotziak azaldutakoaren arabera, aparkalekuak eta aisialdirako guneak auzotarren kezka nagusiak izan dira bi kasuetan.
Hiritartze proiektuen inguruan bizilagunen iritzia jasotzea zen hasierako helburua, baita kezkak eta auzoko arazo nagusiak lehen eskutik ezagutzea ere. Belaskoenean esaterako, hiru dira Alegrek nabarmendutako jardunbideak. Batetik, auzoko eremu industriala aparkaleku publikora bideratzea. Bestetik, La Salle ikastetxeko lursaila eremu berde eta aisialdirako gune gisa erabiltzea. Eta azkenik, auzoko ikastetxeko patio estalia bizilagun eta umeen erabilpenerako egokitzea.
Artigan bestalde, bizilagunek agertutako kezka nagusia izan da, Pio Baroja kaletik Portu plazarainoko bidea oinezkoentzako lehentasuna duen kale gisa finkatzea. Horrek aparkaleku kopuruaren galera ekarriko lukeela aurreikusi du tokiko gobernuak eta beraz, auzoko beste zenbait eremuetan egokitzapen lanak aurrera eramango lituzkete, aparkaleku berriak sortuz. Pintor Berrueta inguruko hirukia aipatu du Alegrek adibide gisa aparkalekuak sortzeko.
Alegrek ondorioak plazaratzerakoan ziurtatu duenez, hiritartze lan horiek aurrekontuen zirriborroan aurreikusita daude.