Lezoko Pildain oruberako, bost proposamen aurkeztu dituzte haurrek
Irrien Lagunak Lezon egitasmoan parte hartzen ari diren haurrek, Pildaingo oruberako adostu dituzten proposamenak aurkeztu zituzten joan den ostiralean. Landaketa egin, tirolina jarri, pareta margotu, eskulanak egin, eta jolas erraldoia antolatzea izango dira udaberritik aurrera Pildainen egingo dituztenak.
Irrien Lagunak Lezon taldeak parte hartze prozesua zabaldu zuen joan den azaroan haurren artean, Pildaingo eremua auzolanean berreskuratzeko. Horretarako Lezo Herri Eskolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko HH5 eta LHko ikasleen artean talde bat osatu eta sei dinamizatzailerekin batera eremu horretan zer egin nahi zuten esatea proposatu zieten. 44 haur ari dira guztira lantaldean.
Tailerrak prestatzeko
Hurrengo urratsa, haurren taldeak egindako saioetan adostutakoa, auzolanean eta ahalik eta herritarren parte hartze zabalenarekin egi bihurtzea izango da. Udaberriarekin batera egi bihurtuko dituzte Pildaingo bost proeiktuak, baina aurretik, haiek lantzeko tailerrak antolatuko dituztela azaldu dute Irrien Lagunak taldeko kide Jaione Azpirozek: “Landaketa egin aurretik, egokiena zer den aztertu behar dugu eremu horretarako adibidez; edo pareta margotzea adostu dugu baino orain zer marraztu erabaki beharko dugu… Hilabatero larunbat batean zerbait antolatzeko asmoa dugunez orain arte bezala, adostu beharreko guztiak erabakitzeko aprobetxatuko ditugu saio horiek”.
Azpirozek herritar gzutaik animatu ditu egitasmoarekin bat egitera.