Espainiako gobernuaren ordezkariarekin bildu da alkatea
Irungo alkate Jose Antonio Santano Espainiako gobernuaren Gipuzkoako ordezkari Jose Luis Herrador Gutierrezekin bildu zen atzo goizean, Espainiako gobernuaren eskumeneko zenbait gai lantzeko asmoarekin. Hala nola, Behobiako aduanaren eraikina eraisteko eskaria eta San Migeleko inmigraziorako eraikin zaharra egokitzeko beharra helarazi zizkion alkateak Herradorreri bileran.
Horiek horrela, Behobia auzoko parrokiaren ondoan kokatutako aduanaren eraikina eraisteko eskaria egin zion alkateak Espainiako ordezkariari. Izan ere, aduanak desagertu zirenetik eraitsi gabeko eraikin bakarra da Behobiakoa. Utzikeriaren ondorioz eraikinaren gaur egungo egoera ere salatu zuen alkateak.
Inmigrazio eraikina
San Migeleko Bartolome Urdinso kalean kokatutako Inmigrazio eraikinari buruz ere aritu zen Santano Herradorrekin. Udaletik azaldu dutenez, 2008. urtean tokiko gobernuak eraikina eskuratzeko hitzarmena sinatu zuten bertako administrazioak eta Espainiako Ondasunen Zuzendaritzaordeak. Irungo Udalak eraikina eskuratzearen truke, 1.900 metro koadroko lokala emango zion Espainiako gobernuari egokitzapen lanen ondoren. Hala ere, krisi ekonomikoa dela eta, tokiko gobernuak aurreikusitako inbertsioa egiteko baliabiderik gabe geratu dela jakitera eman du.
Hala, eraikinaren beheko solairuko lokal bat esleitzeko eskaria helarazi dio udalak Espainiako ordezkariari. Era horretan, auzoko helduenentzat zuzendutako lokal bat egokitu nahiko luke. Hortaz, 36.000 euro lokala egokitzera bideratuko lirateke, eta beste 30.000 euro, azpiegitura osatzeko.
Eraikinak agertzen duen egoerarekin ere kezka agertu du alkateak, eta “ezinbestekotzat” jo du bertan neurriak hartzea.