Irudian, Jose Antonio Santano Irungo alkatea
Irungo PSEren udal taldeak Jose Antonio Santano alkatearen bidez, agertoki politiko berriaren gaineko zuzenketa plazaratu du bere
blogean –gazteleraz–. Irungo PSEren barruan “adostasun handia” jaso duela zuzenketak adierazi du Santanok. Horren arabera, Irungo sozialisten udal taldeak erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen “kontra” ez lukeetela egin behar dio testuak. Hala, datorren hilean Bilbon egingo den Euskadiko PSEren kongresuan Irungo sozialistek aurkeztutako zuzenketa eztabaidatuko dutela gaineratu dute.
Horiek horrela, ETAren desagerpenarekin batera, “euskal gizartean garapena” ematen ari dela eta ondorioz, “PSE-EEk egoera berrira egokitzen” jakin behar duela dio zuzenketak.
“Euskal gizartearen hein handi bat eroso sentitzen da autogobernu eta kontzertu ekonomikoarekin”, dio testuak. “Aldi berean hala ere, krisi ekonomikoak Eusko Jaurlaritzaren ahultasuna agerian utzi du Espainiako gobernuaren urgentziazko neurrien aurrean”.
Estatutu berri baten alde
Eusko Jaurlaritzaren “sendotzea eta sakontzea” beharrezkotzat jo dute Irungo PSEren udal taldetik. Hori dela eta, “euskal estatutu berri baten aldeko apostua” egin nahi dute sozialista irundarrek. Zenbait euskal esparruekin “identifikatuz, gure berezitasun eta historia ezagututa, Espainiako tradizio sozialistaren” parte izaten segitzea proposatzen du testuak.
Hala, sozialdemokraziaren barruan kokatu dute Irungo sozialistek beren apostu politikoa: “ongizate estatuan, zerbitzu publikoetan eta aukera berdintasunean” oinarrituta.
Erabakitzeko eskubidearen inguruan
“Indakeria bukatuta, independentziaren aldeko aldarrikapen baketsua zilegi izango zela esan genuen” dio azken atalean Irungo PSEren zuzenketak. Ildo horretatik, euskal gizarteak zer nolako harremanak izan nahi dituen Espainiako estatuarekin legegintzaldi honetan sor daitekeen eztabaida da, bertako sozialisten arabera. “Erabakitzeko eskubidea onartzea edota harago joatea eta kontsulta bat proposatzea” ere gerta daitekeela dio PSEren udal taldeak.
Horiek horrela, gaia ez landu izana euskal sozialistek egin dezaketen “okerrena” dela diote. “Hipotesia kontuan hartu ez izana okerrena izango litzake eta ondorioz, urgentziazko erantzunak ematea, gogoeta handirik gabekoak edo kontraesankorrak”. Eztabaida hori “inposaketekin, mehatxuekin edo argudiorik gabe” ez dela irabaziko uste dute gainera sozialistek.
Guzti horregatik, Eusko Jaurlaritzak kontsulta bat proposatuko balu legegintzaldi honetan, “ez genuke aurka egon beharko, legaltasun eta demokraziaren arauen barruan kokatu beharko genukeela baizik”.