Liderrarekin berdindu du Hondarribiak, baina sailkapenean atzera egin du
Hondarribia futbol taldeak berdinketa lortu zuen larunbat arratsaldean Ohorezko Mailako lider Hernaniren kontra (0-0), baina sailkapenean atzera egin du. Mikel Llorenteren mutilak zazpigarren tokian daude, 30 punturekin, Bergarak eta Beriok euren partidak irabazi eta gero. Atzetik Touring bi puntura jarri da, Ondarroan irabazita.
Eguraldiak jarri ez zuena, zaleek jarri zuten larunbatean Hondartza futbol zelaiko harmailetan, eta giro beroa izan zen Hernani liderraren bisita jasotzeko. Etxeko taldeak zaleei behar bezala erantzun zien, eta oso partida serioa jokatu zuen. Berdeek ezin izan zuten golik sartu baina defentsan bikain aritu ziren eta Ohorezko Mailako liderrak markagailua ireki gabe itzuli zen Hernanira.
Hori bai, beste astebetez lider izaten jarraituko dute, eskualdeko beste taldeak, Real Union Bk ez baitzuen baliatu hondarribiarrek eskainitako aukera. Sailkapeneko azkena den Urolak 2-0 irabazi zien irundarrei, eta ezin izan zuten multzoko lidergoan jarri.
Partidaren amaieran Llorente entrenatzaileak zaleei eskerrak eman zien: “Sekulakoa da jendeak harmailetatik bultzatzen duena, benetazko futbol giroa sortzen dute. Eta jokalariek ere duten guztia eman dute zelaian. Hernanik oso zuzen jokatzen du eta bigarren jokaldi asko sortzen ditu, baina eusten jakin izan dugu eta multzoko talde onenekin lehitu gaitezkeela erakutsi dugu”.
Hurrengoa Tolosarekin
Datorren jardunaldian Tolosan jokatuko du Hondarribiak. Tolosarrak bederatzigarrenak dira, 24 punturekin. Lehen itzulian euren arteko partidan hondarribiarrak nagusi izan ziren (2-1) baina etxean bi partida besterik ez dituzte galdu. Azken jardunaldian 3-1 galdu zuten Beriorekin, Donostian.