Irun Factoryren egoitzan izan dira udaleko eta BItamineko ordezkariak
Irungo eta eskualdeko arte garaikidearen inguruko proiektuak ekoizteko, hedatzeko eta prestakuntzarako erreferentzia izateko Irun Factory topagunea sortu dute. Bitamin-e Faktoria taldeak dinamizatuko du gunea eta arte plastikoen, ikus-entzunezkoen eta diseinu grafikoaren inguruko ekimenak garatuko dituzte bertan.
Hala, Palmera-Monteron kokatutako 263 metro koadroko lokala inauguratuko dute otsailaren 22an. Hainbat gunetan banatuta egongo da gunea, proiektu ezberdinak aurrera eraman ahal izateko.
Jose Antonio Santano alkatea, Belen Sierra Kultur zinegotzia eta Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomikorako zinegotzia izan dira gaur lokalean, Bitamin-eko ordezkariekin batera. Santanoren hitzen arabera, “izenak berak adierazten duenez, lokala sorkuntza fabrika bat izango da, gure inguruko arte ehuna abian jartzen duten proiektuak sustatu eta erraztuko dituena”.
Sorkuntzaren industria garatuz
Hiriko kultur eskaintza aberasteko helburuarekin abiatu zen topagunea, Irun 2020 gogoeta estrategikoaren barruan. Espacio… Por favor, Lau Buru edo Bitamin-e kolektiboen laguntza eta parte hartzea jaso du. Halaber, Artitadeto Irungo artisten elkarteko kideez gain, Inwoko Hondarribia, Baionako (Lapurdi) Association Les Petits Papiers eta Hazparneko (Lapurdi) Association Art &Project elkarteetako kideak ere Irun Factoryraino hurbildu dira.
Hala,otsailaren 22ko irekiera ekitaldirako, argazki erakusketa bat abiatzea erabaki du kolektiboak. Edozein artistak parte har dezake erakusketan baina bi ideia jarraitu behar dira: sorkuntza eta berrikuntza. Parte hartu nahi duten lagunek
eposta bidez bidal ditzakete argazkiak.