
Maribi Alonso
Donostiako danborradari hasiera emango dion sei emakumeetako bat da Haurtzaro Ikastolako irakaslea. Zuzendari lanetan ibiliko da, baina aurten Konstituzio plazako balkoitik.
16 urte zituenetik da Maribi Alonso (Donostia, 1957) Kresala elkarteko kide eta 23 urte zituela danborradan atera zen, bere elkarteko emakumeak bezala, lehen aldiz, traba asko gaindituz. Donostiako Udal Gobernuak berdintasunaren alde lan egin duten eta egingo dutenei keinua egin nahi izan die.
Danborradari hasiera emango diozu. Zer sentitzen duzu?
Alde batetik egundoko ohorea, eta bestetik sekulako emozioa. Balkoian egongo garenean eta Konstituzio plaza beteta ikustean, ez dakit zer nolako emozioak piztuko diren. Atzo balkoian egongo garen seiak hitz egiten egon ginen ea negar malkotan hasiko garen! [barrez] Nik uste oso momentu bitxia izango dela eta horrelako aukerak bizitzan behin gertatuko direla. Dena den, jakitun gara ez garela balkoian egongo gu garelako; jende asko ordezkatuko dugu.
Zuzendari lanetan ibiliko zara. Aurretik ere izan zara Kresalako danborradaren zuzendari?
Elkarte bakoitzak danborrada barruan bere egitura du. Egitura horren barruan, aurreko zuzendariak besoa hautsi zuelako, danborrada zuzendu nahi ote nuen galdetu zidaten eta baietz esan nuen. Ordezkapen hori egitura barruan sartu da, eta beraz, teorian beste lau urtez zuzendari bezala egon behar dut, bost urtez denera. Gure danborradako filosofia izan da postuak ez direla betirako.
Donostiako Udal Gobernuak genero berdintasunaren aldeko keinua da zuek balkoian egotearena.Bai, oraingo eta aurreko udal ordezkariak genero berdintasunaren alde lan egin dute eta hori ondo dago. Udaletik gonbidapena jaso zuen gure elkarteak eta emozioz hartu genuen.
“Tradizionalak izan diren elkarte gastronomikoek ateak itxi zizkiguten eta baita argiak itzali ere, tartean famatuak diren Union Artesanak eta Gaztelubidek”
Emakumeak Kresala elkartearekin atera ziren lehen aldiz danborra jotzen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Kresala betidanik elkarte misto bat izan da: dantza taldea, kultur ekintzak, mendi irteerak… dena elkarrekin egiten genuen. Orduan danborradan ateratzearen eskaera komisioari luzatu genion eta onartu zen. 1980a zen.
Historia pixka bat eginez, garai batean goiz mugitzen ziren okinak, uraren bila joaten zirenak… gazteluko guardia aldaketarekin kointziditzen zuten eta danborrarekin egiten zuten aldaketa hori. Diotenez, herritar goiztiarrek hori imitatzen zuten. Ez dakit noraino froga daitekeen, baina sorrera hori dela uste da, horri heldu nahi zaio. Gure figura, urketariarena, hor sar zitekeela ikusi genuen. Orduan, beno, ausartu ginen. Elkartearen babesa genuen eta atera egin ginen.
Arazorik egon al zen emakumeak ateratzeagatik? Zer zioten beste elkarteek?
Hainbat elkarte gastronomikoengandik ezezko borobila jaso genuen. Hala ere, Sadaren [Jose Mari] laguntza izan genuen. Berak ikusi zuen emakumeon figura ez zela kanpo geratzen. Ez dugu ahaztu behar danborradak Inauteriekin lotura estua duela eta Inauterietan nori ukatu behar zaio zerbait egitea?
Irteera oso fuertea izan zen, Euskal Herria kalea jendez lepo zegoen. Zentzu horretan beldur pixka bat genuen, baina nik uste atera orduko jendeak, ikusleek, ikusi zutela guk egiten genuen ekarpena ez zihoala danborradaren kontra.
Hori bai, urte horretan eta ondorengoetan ere, tradizionalak izan diren elkarte gastronomikoek ateak itxi zizkiguten eta baita argiak itzali ere. Lehen bost urtetan hainbat elkartek, tartean famatuak diren Gaztelubidek eta Union Artesanak, nahita itxi zizkiguten ateak.
Pixkanaka jarrera aldatzen joan ziren. Elkarte batzuk bigarren urterako ateak ireki zizkiguten, baina beste batzuk oraindik ere temati jarraitu zuten. Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen.
“Ez dugu ahaztu behar danborradak Inauteriekin lotura estua duela eta Inauterietan nori ukatu behar zaio zerbait egitea?”
Zertan aldatu da danborrada?
Emakumeen parte hartzearena nagusiki. Salbuespenak badaude hala ere. Oraindik hainbat elkarte gastronomikok figura hori ez dute integratu danborradan. Horietako askoren baldintza da bazkide izateko gizona izan behar duzula eta horrek euren egitura baldintzatuko du, baina borondate falta dago.
Bada danborradatik aldatuko zenukeen zerbait?
Bi gauza. Batetik, Izada eta arriada txandakatu egingo nituzke eta ez beti elkarte berek egitea. Ez da baztertzeagatik, ezta gutxiago ere, baina nik uste eman beharreko pausoa dela. Eta bestetik, haurren danborrada. Politena auzoetatik abiatzea izango litzateke eta bukaeran guztiak elkartzea. Ume asko ateratzen dira eta azkenak direnak bi ordu itxaron behar dute ateratzeko.
Nola ospatuko duzu Donostia Eguna? Aurten, gainera, asteburua da, ez duzu lanik ikastolan.Afaldu eta gero plazara joango gara. Hau da gure jaia, txiki-txikitatik bizi izan duguna, San Tomas egunarekin batera. 24 orduko festa da eta topera disfrutatzeko eguna da.