Hainbat hitzordu finkatu dituzte Katean, urtarrilean
Katea-Landetxa auzo elkarteak urtarrilerako antolatutako egitarauaren berri eman du. Hala, lehen hitzordua bihar finkatu dute auzokideek eta txikienei zuzenduta egongo da. Garfield 2 filma emango dute auzo elkartearen egoitzan kokatutako liburutegian, 17:30etik aurrera. Emanaldia euskaraz izango da.
Datorren asteburuari begira, mendi irteera antolatu dute elkarteko kideek. Auzo elkartearen egoitzatik abiatuko dira parte hartzaileak urtarrilaren 27an goizeko 09:00etan, eta inguruko bideetan barrena ariko dira. Bi ordu eta erdiko ibilbidea antolatu dute.
Bukatzeko, bilkura irekia deitu du elkarteak urtarrilaren 28an, 19:30ean. Kexak, iradokizunak, proposamenak… biltzea da helburua. Hori dela eta, parte hartzeko deia luzatu diete bizilagun orori.