Garikoitz Lekuona: Guraso periferikoak
Zorte onekoa ni. Etxeko txikiak espresuki niretzako marraztutako marrazkia topatu nuen lehengoan sukaldeko mahai gainean. Egunari hasiera emateko modu ederragorik?
Zuek ere irudika dezakezuenez, 4 urteko neskatilaren eskuek marraztutako irudietan dena da soil, baina aldi berean eder. Bertan azaltzen da eguzkia bere super izpiekin, zuhaitza, lorea eta etxea, tximinia eta guzti. Eta berdin dio negua ala uda den, marrazkian tximiniari beti kea dario.
Seme zaharrenak berdin egiten zuen bere adinean; eta arrebak bezalaxe, marrazten ikasitako lehen irudien artean etxea azaltzen zen.
Ez dakit zergatik, baina nago ni, gorabehera berezirik bizi ez duten haurren kasuan behinik behin, eguzkiarekin batera etxea dela marrazten den lehen irudietako bat. Zer sentitzen ote dugu etxearekiko? Zer suposatzen ote du adin horretan etxeak beraientzako? Zer suposatzen zuen guretzako? Babesa? Familia? Berotasuna? Bizi poza?
Zortekoa ni. Marrazki hauek ere bizipen ederrak ere biziarazten dizkidatelako. Guraso zortedunak gara dudarik gabe.
Latza izango bailitzateke seme-alabak eduki eta beraiekin egunerokoak ezin elkarrekin bizitzea (batzuk ondo dakizuen bezala, une gogorrak badiren ere). Baina ezin dugu ahaztu egun badirela, lehen ere izan ziren bezala, egoera pertsonalak non familia aurrera ateratzeko, non marrazkian marraztutako etxe soila baino askoz ere eskasagoa den bizileku bat izateko, jendeak kanpora jo behar izan zuen/duen eta ezinbestean beren familia bizitza atzean utzi zuten/duten.
Guraso periferikoez ari naiz. Mundua guraso periferikoz josia dago. Batez ere pobrezia estrukturala bizi duten lekuetan.
Nire aitona zenaren kasua adibide. Baserrian maizter gisa bizia aurrera ateratzeko aukerarik ez, eta kalean etxea erosteko eta bizimodua hobetzeko premia izaki, hamar bat urtez jarraian, gutxienez, Terranovara joan behar izan zuen. Nor eta bera, Aian jaio eta Hondarribian bizi bazen ere, itsasoa ia ukitu ere ez zuena. Igerian txakur moduan ere kasik moldatzen ez zena.
Sei seme-alaba izan zituzten amonak eta berak. Aitonak ez zituen gehienak jaiotzen ikusi. Are gehiago, jaiotzeko unean jaio zirenik ere ez zekien berak. Seme-alaben aho gosetiak eta amonaren nahigabez beteriko gorputza agurtzen zituen joaterakoan; eta bueltan, egoera latz bera, etorrerak eragindako alaitasuna eta berea zela esaten zioten beste txikitxo bat topatzen zuen aldiro mahai bueltan aho gosetiarekin zain.
Aitona bezala guraso periferikoak milaka garai haietan. Gehienak, akaso, gizonezkoak.
Eta lehen bezala, egun ere, badira gure artean guraso periferikoak. Asko eta asko Atlantikoaren beste itsas izkinatik etorriak. Asko eta asko emakumezkoak. Beren seme-alabak aitona-amona edo bestelako senideekin utzi eta nahi baino luzeagoak bihurtzen zaizkien urteetarako gure aitona-amonak edota haurrak zaintzera etorritakoak. Diru poltsatxoa egin eta bueltan beren seme-alabek marraztutako etxetxoa erosteko esperantzarekin etorritakoak.
Baina ametsak zapuztu dira. Ongizatearen aurkako urteak izaten ari dira azken bost urteak eta etengabe jasaten ari garen ekonomi, osasun eta gizarte babeseko mozketak, marraztutako etxearen irudia desagerrarazteaz gain, sorterrira itzuli ezin utzi ditu, eta hementxe ditugu, Terranovako olatuak baino handiagoa den zulo beltzean harrapatuta.
Eta denbora aurrera doa, eta beren seme-alaben bizitza ere bai. Eta jada ez dituzte kea darien etxeak marrazten, baina gurasoek eman nahiko lieketen besarkadaren berotasuna eskertuko lukete horiek trukean.
Ez gaitezen ondoko gertakariekiko periferikoak bihurtu.