Ane Badiola: Kontrol deskontrolatua
Teknologia berria gauza ederra da. Harrigarria da urte gutxitan nola sinplifikatzen diren gauzak, nola errazten diren. Harrigarria nola joaten diren gauza txikiak hobetuz eta zein azkar gelditzen diren gailuak zaharkituta. Gogoratu bestela duela hamar urte hain modernoak ziren telefono mugikorrez, gaur egungoekin alderatuta lau aldiz handiagoak ziren haietaz. Telefonoak agenda, deiak egiteko aukera, mezuak eta alarma baldin bazituen herri guztiari harro erakusteko modukoa zen; modernoa, berritzailea. Eta zer esanik ez sugearen jolasa baldin bazuen! Nola aldatzen diren gauzak.
Teknologia berria gauza ederra da. Txundituta, nerabezaroan gauzak nola aldatzen zihoazen ikusi genuen: telefono kabinak erabiltzetik telefono mugikorra erabiltzera pasatu ginen, disketeak erabiltzetik DVDak eta USBak erabiltzera, informazioa liburuetan eta encarta 1998 diskete zaharrean bilatzetik Interneten nabigatzera, kasetetatik diskoetara eta diskoetatik mp3 gailuetara. Eta guk, nerabeok, “garaiak aldatzen ari dira” aitzakiapean modernotik edozer zuen guztia erosi nahi izaten genuen. Eta gurasoek, modernotasunaren eta garapenaren izenean, gailuetariko asko erosten zizkiguten, gizartean atzera gelditzeko beldurrez edo. Eta arrazoi pixka bat ere bagenuen. Ez genuen atzean gelditu nahi eta, lagunok, gaur egun modernotasunaren karrora igotzen ez dena atzean gelditzen da, gailuen antzera zaharkitua.
Honen adibide da gure artean komunikatzeko modua eraldatzen ari den asmakizun berria: WhatsApp zerbitzua. Doakoa, azkarra, zuzena, aukera ugari eskaintzen dituena… Beste hainbat abantailaren artean “zentimorik ordaindu gabe” bidal ditzakegu mezuak, taldeak sor ditzakegu taldean hitz egiteko eta iruditxoak erabil ditzakegu esan nahi duguna hobeto adierazteko. Teknologia berria gauza ederra da. Baina jendartean ohikoa den moduan, asmakizun onei erabilera txarra ematen diegu batzuetan. Gehienetan. Beti. Teknologia berria gauza ederra da. Edo ez al zaizue gustatzen telefonoa begiratzen duzuen bakoitzean hogeita hamabost mezu berri dituzuela ikustea? Ez al zaizue gustatzen kalean mundu guztia telefonoa eskuan lurrera begira pasatzen ikustea? Ez al zaizue gustatzen mugikorrean txiste txarrak eta txorakeriak jasotzea? Ez al zaizue gustatzen zuen urtebetetze egunean lagunek mezu bidez zoriontzea? Ez al zaizue gustatzen koadrilan egon eta bakoitza bere telefonoari begira, isilik egotea? Lagunok, has gaitezen asmakizun onei erabilera ona ematen; has gaitezen deskontrola kontrolatzen.