Errenteriako alkateak etziko manifestaziora joateko deia egin du
Julen Mendoza Errenteriako alkateak etzi Donostian Euskal gazteria libre eta legala, eskubide zibil eta politikoen defentsan lelopean egingo den manifestazioarekin bat egin du, eta bertan parte hartzera animatu ditu herritar guztiak. Manifestazio hori auzipetutako gazte guztiei elkartasuna adierazteko egingo dute.
Mendozaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak bost gazteren zigorra berretsi izanak, “kezka handia” sortu du. “Bost gazte horiek Segi erakundean jardun politikoa egiteagatik kondenatuak izan dira. Sententzia horrek ez dio mesederik egiten Euskal Herrian abian den bake eta konponbiderako prozesuari”, gaineratu du.
Hala, herritar guztiei deia egin die 12:30ean Bulebarretik aterako den manifestazioan parte hartzeko, “manifestazio anitza izango da, herri honetako askotariko ideologia eta sektoreko pertsonak parte hatzera deitzen dutena”, zehaztu du.