Bi desjabetze prozedura salatu ditu Stop Kaleratzeak-ek
Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformak elkarretaratzera deitu du bihar goizean, Luis Mariano Manterola irundarraren aurkako desjabetze prozedura salatzeko. Kutxabankek desjabetzeak gelditu ez dituelako eta Irungo bizilagunaren egoera agerian uzteko protesta izango da bihar, aurrezki kutxak Colon ibilbidean duen egoitzan, 10:00etan. Era berean, datorren astean Caixabankek 77 urteko emakume bat desjabetu nahi duela salatu du mugimenduak.
Plataformak jakinarazi duenez, Bidasoko Stop Kaleratzeak-en abokatuak eta etxebizitzako maizterrak errekurtsoa aurkeztu eta momentuz prozedura etetea espero dute. Horrez gain, Irungo sarrailagile guztiek desjabetuak izango diren lagunen sarrailak aldatzera ez joateko konpromisoa hartu dutela argitara eman du mugimenduak.
Halaber, Irungo Udalari diru funtsak entitatetik ateratzeko eskaria helarazi dio plataformak. Izan ere, Luis Mariano Manterolaz gain, Caixabankek familiarik gabeko 77 urteko emakume bat etxetik bota nahi duela ere salatu dute kideek, “etxebizitzaren balioa zorra bera baino askoz ere handiagoa delarik”.