Zaisa 3ko horma bat erori da
Euritea dela eta, Zaisa 3 industriaguneko errepide alboan dagoen horma zati bat erori dela jakinarazi du Irungo Udalak. Horren ondorioz, Antxo Txipi inguruko trafikoa moztu behar izan du Udaltzaingoak. Ernautenea inguruan sumatu dute lur mugimendua eta bertako bi etxe hustu behar izan dituzte terrazan pitzadurak agertu direla eta. Goiz erdian erortzen hasi da horma.
Ingurua txukuntzen ari dira dagoeneko, baina zenbait arazo sor daitezke kamioiak enpresetara irits daitezen. Hori dela eta, Trafiko Zuzendaritzako eta Zaisako arduradunak gaur bilduko dira, irtenbide bat bilatze aldera.
Horma Zaisak eraiki zuela jakinarazi du udalak, lan horien hirugarren fasean. Gertatutakoa aztertzen ari direla esan du udalak.
Alerta mantentzen da
Datozen orduetan alerta horia egoera berriz aktibatuko dutela jakitera eman du tokiko gobernuak. Euritea eta haize boladak izango dira berriz ere, eta ondorioz, Segurtasun Sailak uholde planaren larrialdi fasea mantendu egingo du, 0 egoeran.