
Atzo bere bidetik irtetetik gertu geratu zen ibaia Behobian
Goizeko zortziak aldera, itsasgorarekin Bidasoa ibaia bere bidetik atera daiteke Irungo Behobia auzoa. Horren beldur ziren behintzat hiriko babes zibileko arduradunak, atzo arratsaldeko itsasgorarekin ibaiak gainezka egiteko zorian egon ondoren. Arazo larrienak Jaitzubian eragin zituen euriteak, eta baratza ugari urez beteta geratu ziren. Okerrena arratsaldean Behobian gertatu zitekeela zirudien, baina eutsi egin zion eta auzotarrek lasai egin ahal izan dute lo.
Atzo goizean ez zen arazorik izan Behobian, Nafarroatik eta mendietatik zetorren ura iritsi gabe zelako, baina arratsaldeko itsasgorarekin hogei zentimetro baino ez ziren falta izan ibaia bere bidetik ateratzeko. Bertan ziren, badaezpada, udaltzainak eta babes zibileko langileek eta azken hauen arabera, une horretan Bidasoaren emaria ia 600 litro segundokoa zen. “Okerrena da Nafarroan bota eta bota ari dela eta bihar goizeko itsasgora altuagoa izango da”, esan zuten.
Hala, une honetan larrialdi zerbitzuak itzuli dira Behobiara, goizeko zortziretarako espero baitute uraren maila gorena. Atzo goizean ura etxeetaraino ez iristeko uhateak jarri zituzten eta ez dituzte kendu. Ikusteko dago zerbaiterako balio duten, hau izan baitaiteke lehen uholdea erosi zituztenetik.