Errenteria-Oreretan
Zatiketak eta menpekotasuna gainditzeko bideak izeneko hitzaldia emango du bihar Floren Aoiz historialariak (Tafalla, Nafarroa, 1966). Euskal Herriaren zatiketa egoera gainditzea jarriko du mahai gainean, baina zatituta dagoen bitartean independentzia edo erabakitzeko aukera lortzerik ez dagoela adierazi du.
– Bihar Zatiketak eta menpekotasuna gainditzeko bideak izenburupean hitzaldia emango duzu Errenteria-Oreretan. Zeintzuk izango dira hitzaldiaren gako nagusiak?
Zer egin daiteke gaur egun Euskal Herriak pairatzen duen zatiketa egoera gainditzeko? Hau da eztabaidara eraman nahi izan dudan afera. Aspaldiko erronka da, eta urrats handiak eman dira, zalantzarik gabe, baina zatiketak bizirik darrai, eta ezin dugu pentsatu independentziarik edo, bederen, gure buruaz erabakitzeko aukerarik lortzerik dagoenik zatituta gauden bitartean. Izan ere, zatiturik jarraituz gero, noren independentzia, zeinen erabakitzeko ahalema, zein lurraldek osatutako estatuaz ari gara?
Hausnarketa mailan bada ere, zatiketaren gaindipena pentsatu behar dugu, zatiketa gainditzen laguntzeko.
– Duela gutxi argitaratu duzun 1512 haratago liburua-tik abiatuta, historia utzi eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko garaia dela diozu, osteguneko hitzaldiaren izenburuari lotuta. Liburuan, egungo hegemoniari aurre egiteaz hitz egiten duzu, eta berria martxan jartzeaz. Egungo garai politikoan hurbilago al dago hegemonia aldaketa?
Ene ustetan, kontua ez da historia uztea, dagokion papera ematea baizik. Aurrerapen handiak eman ditugu gure ibilbide historikoaren ezagutza kolektiboan, eta bertatik sortu dira kontaketa potenteak, espainiar eta frantziar estatuetatik eta bertako elite kolaborazionistek sortutako kontaketa paktistei aurre egiteko oso emankorrak direnak. Baina ezin dugu etorkizuna horren arabera pentsatu, are gutxiago eraiki.
Kontua ez da historia uztea, dagokion papera ematea baizik
Agertoki berriak eraiki behar ditugu, ez iraganaren errepikapenik. Eta hori lortzeko, frantziar eta espainiar estatuen oztopoak gainditu behar ditugu, jakina, baina halaber, menpekotasunaren hegemoniari aurre egin behar diogu. Modernitatea, zibilizazioa, justizia, demokrazia, oinarrizko eskubideak, arrazionaltasuna, zintzotasuna, balore guzi horiek espainiar eta frantziar ereduen arabera nagusitu dira. Hori da normalitatea, eta guk beste normalitate bat eraiki behar dugu, Euskal Herriarena, gurea. Demokrazia herri batek bere buruaz erabakitzea dela, arrazionala dela nork berea maite izatea, besteak errespetatuz, aurrarapena ez dela lurra txikitzea obra faraonikoak egiteko, ez dela normala, finean, beste inoren menpe bizitzea…
Hegemonia ez da hauteskundeetan lehen indarra izatea. Hegemonia haratago doa, munduari begirada komuna partekatzeko gaitasuna da, ikuspegi afera. Gaur egun menpekotasuna eta zatiketaren hegemoniari aurre egiteko aukera paregabea dugu gure aurrean, gero eta anormalagotzat hartzen duelako jendeak pairatzen dugun egoera.
– Zentzu horretan, politikaz gain, egoera ekonomikoa ere bultzada bat izan daiteke?
Zalantzarik gabe. Ongizatearen menpekotasunean edo menpekotasunaren ongizatean -nahi duzun bezala-, bizi izan gara eta hori erori da, beharbada betirako erori ere. Makila eta azenarioa, aipatu ohi da, makila errepresioa, beldurra, inposaketa, eta azenarioa kontsumoa, oinarrizko hainbat beharren ustezko asetzea etabar, baina eredu hori bukatu dela pentsatzeko arrazoi asko ditugu. Makila nagusitzen da, eta azenarioa eskas dabil. Honek aukera eskaintzen digu bestela pentsatzeko, eredua bera kolokan jartzeko, menpekotasuna biluzik agertzen delako.
Gaur egun menpekotasuna eta zatiketaren hegemoniari aurre egiteko aukera paregabea dugu gure aurrean, gero eta anormalagotzak hartzen duelako jendeak pairatzen dugun egoera
– Hasi al da dagoeneko aldaketa ematen?
Kontzientzia mailan aldaketa handiak gertatzen ari dira. Munduari eta gure mundu hurbilari begiratzeko erak aldatzen ari dira eta hori onuragarria da, batez ere nagusitzen ari den haserre eta zapuzketa zerbait berri eraikitzeko erregaia bilakatzen baldin bada.
– Zer deritzozu Katalunia eramaten ari den bideari?
Oso ibilbide interesgarria da, baina patxadaz aztertu beharrekoa, kopia sinpleen tentazioa alde batera utzita. Han gertatzen ari dena ez da moda bat, ez da burbuila hutsa, baina nolabait esateko ura eta olioa nahasita agertzen dira askotan, menpekotasunaren agerpen batzuekiko haserrea eta independentzia grina bereizterik ez dagoelarik. Berez ez da txarra, horrek esan nahi duelako independentzia bilakatu dela haserrearen zerumuga, baina ikusi beharko da zertan gelditzen den prozesua. Guretako, edonola ere, oso berri ona da, indartzen gaitu, espainiar estatua ahultzen duelarik.
– Euskal Herriak norabide bera eraman behar al du?
Euskal Herriak bere norabidea hartu behar du. Hemen adibidez, ene ustetan akats handia izanen litzateke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren independentzia planteatzea, eta han antzeko zerbait egiten ari dira, nolabait esateko, Principatekin. Ez da kritika sinplista, hausnarketarako aipamena baizik. Zaila da hemendik zer egin behar duten pentsatzea eta onartezina litzateke zer egin behar duten esan nahi izatea. Guk geure eredua behar dugu eta bideragarria izanen da zatiketaren arazo larriari erantzun egokia ematen dion heinean.
Gu ez gara Eskozia. Gure herriaren lurraldetasuna kolokan jartzen dute Espainiako eta Frantziako nazionalismoek, baita bertako indar eta sektore sozial garrantzitsuek ere. Zatiketari aurre egiten ez badiogu, akabo, ene ustetan.
Euskal Herriak Kataluniaz beste egoera eman behar du
– Eusko Jaurlaritza berriak kontsulta bai, baina ez du independentzia aipatzen. Zein bide eramaten ari dela iritzi diozu eta maila horretan, eta zein urrats emango dituela uste duzu?
Ez dakit, egia esan. Argi dago EAJ ez dagoela Kataluniako erronkari begira, eta Eskoziaz ez duela deus entzun nahi ere. Noizean behin zulotik ateratzen dute Ibarretxe Plana baina hori agortuta dago, ene ustetan. Afera da non jartzen den zerumuga, nora begira jartzen den iparrorratza. Euskal estatuaren osaketa hartu behar da zerumuga, ene ustetan, eta helburu hori argi izanda, bideak, erritmoak, formulak.. pentsatu, aztertu, adostu eta gauzatu beharko dira. Hor arkitektura erronka handiak agertuko zaizkigu, gaur egungo egoeratik agertoki berrietara iristea konplikatua izanen delako; baina are zailagoa bidean jartzen ez bagara. Jendea ipuinekin liluratzeko garaiak pasatu dira, ausardia behar da, urratsak emateko borondatea eta nik gaur egun ez dut halakorik ikusten EAJrengan, tamalez.
– Herria dela diozu hegemoniaren aldaketaren ardatza. Adibide bat ikusteko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan independentziaren aldeko jarrera ia erdira iritsi da. Zeren ondorio dela diozu?
Berri ona da, zalantzarik gabe, baina, begira, ez dago Euskal Herriari buruzko datu fidagarririk. Zatiketaren araberako instituzioek bultzatzen dituzte inkestak eta azterketak, Euskal Herria eremutzat hartzen ez delarik. Eta batzuetan guk ere, independentzia nahi dugunok, zatiketaren markoak ontzat ematen ditugu, zatiketatik pentsatzen dugu. Hori ez da bidea. Zatiketatik baino zatiketaren kontra pentsatu behar dugu, non gauden jakinda, baina nora goazen lehenetsita.
– Gauzak bestelakoak dira Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian. Azken kasuan, Lurralde Elkargoak ateren bat ireki dezakeela uste duzu?
Ene ustetan, aipatu zerumugara doazen bideak onuragarriak dira, printzipioz. Urratsez urrats ibili behar dugu bidea eta Ipar Euskal Herrian derrigorrezkoa, hil ala biziko afera da oinarrizko aitorpena lortzea. Hori gabe zaila da bestelako erronkarik mahai gainean jartzea.
Urratsak eman egin behar dira, ahal den neurrian, baina subjektua osatuz eta eraikiz, ez zatituz
Iruditzen zait formula zuzenak asmatu behar ditugu puzzlea zatika baina elkartze jardueran osatzen joateko. Afera ez da aurrean omen dagoena atzean omen dabilenaren zain gelditzen ote den erabakitzea. Sinpletasun horrekin ez gara oso urrutira joanen. Urratsak eman egin behar dira, ahal den neurrian, baina subjektua osatuz eta eraikiz, ez zatituz.
– Larunbatean Bilboko kaleak bete ziren Herrira-k antolatutako manifestazioan, eta Herrira-ren esanetan, presoen egungo egoera gainditzea irtenbiderako giltza da. Zer iritzi diozu?
Erabat ados nago hausnarketa horrekin. Auzi hau bideratu behar da lehenbailehen, oinarrizko eskubide afera delako. Urrats batzuek emateak beste hainbat esparrutan eragin zuzena izanen lukeelakoan nago, bai.
Ene ustetan, bestalde, gai honen inguruan hegemonia alternatiboa eraikitzen ari da, arrakasta handiz, gainera. Euskal jendartean nagusitzen ari da ikuspegi zehatza, zeinaren arabera oinarrizko eskubideak ezin dira estatuaren arrazoian baita sakrifikatu, baina finean dagoena da estatu arrazoiaren krisialdia, estatuekiko atxikimendua gainbehera doalako. Espainiar eta frantziar mendeku eta antiterrorismoaren normalitatearen aurrean euskal jendartearen demokrazia eta oinarrizko eskubideen normaltasuna. Talka oso interesgarria da.
Baina ez dugu ahantzi behar tragedia latza dela preso, iheslari eta senideen egoera. Hor dago gakoa, eta lehenbailehen gainditu behar da, jakinik, estatuek bertan irekitako prozesua oztopatu nahi dutela, gai honen inguruko zapuzketa zabalduz.