
Euritea medio, konportak jarri dituzte Behobian
Atzotik ari duen euria dela-eta Jaitzubia inguruko errekastoak gainezka egin du, eta Irungo Babes Zibileko kideek HITZA-ri esandakoaren arabera, Txingudi Ikastolan eguerdian eskolak eten egin dituzte, eta ikasleak arratsaldean ez dira bertara joan. Halaber, Urdanibia Berri inguruko lur azpiko pasabideak itxi dituztela jakinarazi du udalak, “ur gehiegi pilatu dela eta”.
Hala, Babes Zibileko kideen arabera, arratsaldean arreta berezia jarriko dute Bidasoa ibaian, Behobiako zatian batik bat. Izan ere, Legasan (Nafarroa) dute erreferentzia Babes Zibilekoek, eta han euri gutxi egiten ari den arren, ibaiak bidean daraman urak eta itsasgorak bat egiten dutenean (19:00ak aldera) adi egoteko eskatu diete herritarrei. Gainera, Endarlatsan, Bidasoak segundoko 500 metro kuboko jarioa duela esan dute Babes Zibileko kideek, “asko da hori”. Kalteak ekiditeko helburuarekin, konportak jarri dituzte Babes Zibileko kideek Behobiako Juan Thalamas Labandibar kalean. Denera,
flood gate motako 19 konporta jarri dituzte.