Tindouferako elikagai bilketa egiten ari dira aste honetan Hondarribian
SEADen aldeko Otsailak 27 Euskal Elkarteen Koordinakundeak eta Saharar Ilargi Gorriak Sahararen aldeko IX. Euskal Karabana abiatu dute, Piztu Itxaropena goiburuarekin. Aljeriako Tindouf basamortuko kanpamentuetan bizi diren 260.000 errefuxiatu sahararren egoera larriari aurre egiteko sortu zen Otsailak 27 koordinakundea, eta horko kide da Txingudi Sahararekin Tadamum Taldea. Joan den ostegunean Tadamumek eta Hondarribiko Udalak, elkartasun karabanaren berri eman zuten eta Miren Olaskoaga Tadamumeko ordezkaria eta Maite Pelaez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia aste honetan herrian burutzen hasi diren elikagai bilketaz mintzatu ziren.
Hondarribian, ikastetxeetan eta supermerkatuetan egingo dute Sahararen aldeko IX. Euskal Karabanari lotutako janari bilketa. Ikastetxeetan atzo hasi ziren eta ostirala arte jasoko dituzte elikagaiak. Supermerkatuetan, berriz, ostiralean eta larunbatean izango dira bolondresak informazioa ematen eta janariak biltzen. Olaskoagak argitu duenez, “honako produktuak dira hiritarrei eskatzen dizkiegunak: azukrea, arroza, pasta, lekaleak, hegaluzea, sardinak oliotan eta emakumezkoentzat beharrezkoak diren konpresak ekartzea da”.
Munduko herrialde askotan egiten da errefuxiatuen kanpamenduetan bizi direnen aldeko lana, baina Tadamun elkarteko ordezkariarentzat, herri bakoitzeko laguntza garrantzia handikoa da: “Ezinbestekoa da Hondarribiko hiritarraren laguntza. Jakin badakigu badagoela hemengo jendea ere gaizki pasatzen ari dena, eta oso kontutan hartzen dugu, baina Tindouf-eko errefuxiatuen egoera oso larria da. Hiritar bakoitzak arroza, pasta edota atuna… pakete bat ekarrita, nahikoa dugu, hain beharrezkoa duen jende hau lagundu ahal izateko”.
Eta nor edo nor supermerkatuetan egingo den bilketarekin lagundu nahiko balu, Tadamum elkartearekin harremanetan jar daiteke, 666 50 13 50 telefono zenbakira deituta. Esan bezala, supermerkatuetako janari bilketa hilaren 18an eta 19an egingo da.