Pilar Lekuona: "Duela bost urte ez zegoen erizainik langabezian eta orain bai"
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko presidente izendatu dute Pilar Lekuona (Oiartzun, 1967). Erronka handia dela dio, orain arte elkargoko presidente izan den Maria Jesus Zapirainek “maila altua utzi baitu”. Erizainek euren etorkizuna lantzen ari direla nabarmendu du eta bera horretan ahal duen guztia egiteko prest dago.
Ze zeregin ditu erizaintza elkargoko presidenteak?
Zortzi urte daramatzat gobernu biltzarrean. Presidenteak gauza batzuk bakarka egiten ditu baina normalean biltzarraren bidez funtzionatzen dugu. Plan estrategikoa egiten da eta bertan ze helburu bete behar ditugun zehazten da. Oraingoz ez da gauza berririk izango, finkatutakoarekin jarraituko dugu.
Erizaintzako lanbideari dagokion zenbait alorren atzetik ibiltzea izango da nire zereginetako bat. Lehen erizainek ATS titulua zuten, gero diplomatuak ziren eta orain gradua izango da. Hor dauden gauza horiek, titulazioak direla-eta, hitz egiten direnak baina onartu ez, horien atzetik ibili behar naiz, pixka bat presionatzea. Eta horrez gain, sortzen diren gauzei aurre egitea.
Momentu honetan krisiarekin zer gertatzen ari den arduratuta gaude. Ordezkapenak gutxiago egiten dira, esate baterako, eta horren atzetik ere ibili behar gara, gure pazienteei kalitatea bermatu ahal izateko.
Gainerakoan kolegiatuen zerbitzura egotea da nire eginkizunetako beste bat: zer behar duten, zer exijitzen diguten, zer sortzen zaien… kolektiboki zein indibidualki.
Erronka pertsonalik baduzu?
Orain arteko bidetik jarraituko dut. Preskripzioarekin eta espezialitatearekin zer gertatzen den ikusi beharko da eta ea errealitate bihurtzen diren. Onartu dira, baina dekreturik oraindik ez da atera, beraz, oraindik erizain batek, esaterako, ezin du botikarik eman.
Horiek lortzea zein abantaila ekartzen dizkie erizainei?
Historikoki erizaina sendagilearen menpe egon den irudia izan du, baina erizaina istorio horretatik kanpo geratu zen aspaldi. Norbaitek irudi hori baldin badu oraindik ere modatik pasatuta dago. Erizainek beren eskumenak dituzte, asistentzian ez ezik, kudeaketa mailan ere badago, ikerketan, irakaskuntzan beste erizainei trebatzen…Erizainak konpetentzia berrietan autonomoa izan behar du nolabait, bere nortasuna du. Erizainek ikuspen gehiago dutela esango nuke. Beste diziplinako lanbideekin parte har dezake, hitza eta botoarekin, ez inoren menpe. Erizainek beren prestakuntzarekin eta jakintasunarekin alor askotan parte har dezakete.
Kargu berriarekin erizain izateari uko egin beharko diozu?
Ez, bi lanak uztartzeko asmoa dut hasiera batean behintzat. Orain ardura gehiago izango ditudala egia da eta agian iritsiko da momentu bat baten alde egin beharko dudana, baina printzipioz biak uztartuko ditut.
2010ean Gipuzkoako geriatria egoitzen egoerari buruzko ikerketa bat egin zenuen. Zerk bultzatu zintuen horretara?
25 urte dira erizaintza atera nuela eta betidanik geriatriari begira egon naiz. Ordu hartan ez zen zahar asko ikusten, duela 24 urte autonomo asko zeuden eta egoitzak autonomoz beteta zeuden. Gizartea zahartzen joan da eta orain egoitzak menpekoz beteta daude: elbarri asko eta osasun aldetik behar asko dutenak. Gu nolabait sozialak gara, ez gara Osakidetzakoak, zerbitzu sozial bat gara.
Beste ospitale geriatrikoko jendearekin harremanetan egoteko aukera izan dut eta nahi eta nahi ez egoitzak erregulatzeko katalogo bat behar genuela ikusi genuen. Sozialak garenez aldundiak plaza kontzertatu asko ditu egoitzetan eta udaletan denak. Beraz, aldundia eta Zahartzaroa [geriatria eta gerontologiako elkargoa] elkarlanean egoitzen zerbitzuen katalogoa sortu genuen. Nire kezka handiena zen zer gertatzen ari zen erizainekin, lan karga aldetik, material aldetik…
Egoitzaz egoitza ibili nintzen, galdetegiak pasa nituen… Katalogo berri horrekin gu nola ginen ikusi nahi nuen, argazki bat atera.
Geriatriako erizainak hirugarren mundukoak ginela ematen zuen, nahiz eta erizaintzako kolegioan komisio bat eduki. Argazki hori ateratzeak gauza onak ekarri dizkigu egia esan.
“Krisia dela eta, momentuz ez digute traba handiegirik”
Erizainak gainezka zeudela zenioen ikerketa horretan, besteak beste. Egoera aldatu da ordutik?
Bai, egia esan egoitzetan beste modu batera lan egiten da. Prozedura asko daude, jendeak beste kalitate batekin lan egiten du, egoitza askok kalitatearen ziurtagiria dute… Erizainek egoitzetan euren lana ordenatu dute. Katalogoak asko lagundu digu. Botikinetako eskaerak zuzenean egiten ditugu, ez dugu anbulatoriora joan behar materiala eskatzera. Lehen sendagileak ez ziren egoitzetara etortzen, orain etortzen dira, erizainen ratioa orain bete tokian dago…
Egoitza guztiak ez daude denerako prest, orduan nahi eta nahi ez kasu batzuk ospitalera bidali behar dira. Baina ahal dena egoitzan bertan egitea da helburua.
Ikerketa egin zenuenetik gauza asko hobetu dira aipatu duzunaren arabera, baina osasun arloan murrizketak direla medio, lortutako hori guztia ezerezean gelditzeko arriskurik badago?
Guk momentuz ez dugu larrialdi hori bizi. Botikekin, gasekin… kontu gehiago izan behar dugula bai, baina momentuz ez digute traba handiegirik jarri. Aldundiak nahiz Osasun Sailak ez digu estutu oraingoz. Murrizketak izaten badira zuzen-zuzenean laguntzaren kalitatean nabarituko da eta horrek bai kezkatzen nauela. Osakidetzan, ospitale mailan, gehiago nabaritzen da, baina gurean ez. Beste hainbat alorretan nabaritu dira murrizketak: lehen formazioa egiteko baimen guztiak lortzen genituen, orain gure oporretatik hartu behar ditugu egunak. Ordezkapen bat egin aurretik, gure artean molda bagaitezke ba hobeto…
Duela bost urte ez zegoen erizainik langabezian eta orain erizainak langabezian daude. Horrek kezkatzen digu. Ordezkapenak gutxiago egiten dira, baimenak gutxiago ematen dira, hau da, bajak ez dira guztiak ordezkatzen.