Zahar eta pentsiodunek euren eskubideen alde protesta egin dute
Duintasuna elkarteak zaharren eta pentsiodunen oinarrizko eskubideen alde elkarretaratzea egin du gaur goizean, Errenteria-Oreretako Niessen merkataritza zentroaren parean: “Etengabeko murrizketa politikak, irabazitako eskubideen galerak… gertatzen ari diren garaian, inoiz ez bezala premiazko gauza da zaharren eta pentsiodunen elkartasuna iraganean lortutako eskubideak babesteko eta lortu gabekoak eskuratzen joateko”.
Zentzu horretan, bizitza duin baten eskubidea aldarrikatu dute, baita segurtasun sistema eta babes sozial baten eskubidea ere. Era berean, emakume eta gizonen arteko eskubide eta betebeharren berdintasuna eskatu dute. Gainontzeko eskaerak euren baldintza fisikoetara egokitutako etxebizitza, pentsioak bertatik kudeatzea, fiskalitate progresiboa eta parte hartzeko eskubidea dira.