Jaitzubiako baratzak urez gainezka, arratsaldean
Atzotik gelditu gabe ari den euriak hainbat kalte eragin ditu, batez ere Jaitzubian. Auzo horretan, euri asko egiten duen ia beti bezala, baratzak urez gainezka agertu dira goizean eta hala jarraitzen dute arratsaldeko lehen orduetan ere. Gainera, haizeak hainbat zuhaitz bota ditu eta gune batean linea elektrikoa erori da, Ogallurretazpi inguruan.
Jaitzubian dagoen Irungo Txingudi ikastetxean arratsaldean ez dute klaserik eduki. Goizean, egoera txartzen ari zela ikusita eskolatik atera dituzte haurrak eta arratsaldean eskolara ez eramateko eskatu diete gurasoei.
Jaitzubiakoez gain, Minasoroeta kalean eta Simonenetik oso hurbil zuhaitzak erori dira gauean eta udal langileek erretiratu dituzte goizean. Mareak behera egin duenean arazoak gutxitu dira, baina denbora beharko da erreken bazterretan dauden baratzetako ura joateko.