Akordio bila, borrokan ari dira Lepoxiko langileak
Bigarren astea beteko dute greban ostiral honetan Lezoko metalgintza arloko Lepoxi enpresako langileek. Joan den asteko astelehenean hasi zuten protesta tailerreko hamar langileek, enpresari lantegiko hitzarmena sina dezala eskatzeko. Ordundik kudeatzailea eta administrazioko langileak lanean jarraitzen badute ere, tailerra itxita dagoela jakinarazi du Oarsoaldeko enpresa txiki eta ertainetako ELA sindikatuko arduradun Iñaki Artetxek. “Bilera izan dugu eta enpresarekin negoziatzen ari gara adostasunera iristeko”, zehaztu du ELAko kideak. Lan erreformak ematen dituen tresnak ez baliatzeko eskatzen diote enpresari langileek Artetxek zehaztu duenez: “Enpresak soldata murriztu nahi badu, erabaki hori aldebakarrekoa ez izatea eskatzen dugu, langileek erabaki horretan parte hartu ahal izatea, hain zuzen ere. Hitzarmena blindatzea eskatzen dugu”.
Gaur arratsaldean erabakiko dute langileek datozen egunetan grebarekin jarraituko duten edo ez, enpresarekin izandako bileraren gaineko balorazioa eginda.