Miguel Angel Paez azalpenak ematen
Irungo Udaleko Gobernu Taldeak 67,8 milioi euroko aurrekontu zirriborroa landu du. Joan den ostiraleko Ogasun Batzordean aurkeztu zien udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdi politikoei, eta aurrekontuen prozedurak eskatzen dituen epeak eta urratsak beteta, otsailaren erdialdean egin nahi duten udalbatzarrera eramango dituzte. 2012koa baino %3,34 handiagoa da 2013rako proposamena, eta Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariak jakinarazi duenez, “gastuari eusteko eta jarduera ekonomikoa berpizteko” helburua du kontuen zirriborroak. Gastu kontsolidatua 75,2 milioikoa izango da: horren barruan dago aurrekontu orokor proposamena, eta Irungo Udala partaide den kanpoko erakundeetara bideratzen den dirua.
Gastuari eusteko bidea udalaren eguneroko funtzionamenduarekin lotu du Paezek, “udal barneko gastua berrantolatuz, hori eginda irundarrei eman beharreko kanpo-zerbitzua hobea izan dadin”. Jarduera ekonomikoa sustatzeko helburuz hainbat inbertsio aipatu ditu Paezek, tartean Gain Gainean eremuko lanak (2013an 630.000 euroko inbertsioa; totala 1,6 milioikoa da), Urdanibia plaza urbanizatzekoak (aurten 700.000 euro), edo San Juaneko lur azpiko lehen solairuko kulturgunea (900.000 euro). Hala. inbertsio horien barruko lanak Irungo nahiz Bidasoko enpresekin egingo dituztela ziurtatu du Paezek: “Egoera ekonomikoa zaila den arren, badugu inbertitzen jarraitzeko borondatea, horrela, mugimendu ekonomikoa sor dadin eta aktibitatea gera ez dadin”. Gainera, Paezek esan du udalaren gastuen ataleko zati handi bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herri Inbertsiorako Funtsari itzuli behar zaion dirua dela.
Era berean, hirian egin beharreko “inbertsio txiki batzuk” nabarmendu ditu Paezek, “tamaina txikiko obrak izango lirateke, esate baterako, trafikoarekin lotutakoak, herritarren eguneroko ongizatean eragina dutenak. Alor horretan aurki dezakegu tarte zabalagoa elkarrizketari eta herritarren partaidetzari begira”.
Batzarrak
Bestalde, Paezek jakinarazi du aurrekontu zirriborroaren gaineko azalpenak emateko herritarrekin bilduko direla. Hala, hilaren 22an, 19:00etan eta Amaia KZn, Jose Antonio Santano alkatea Hiritar Foroarekin, Oiasso 2000 Elkarteen Federazioarekin eta hiriko auzo elkarteetako kideekin bilduko da aurreproiektuaren berri emateko. Hurrengo egunean, hilaren 23an, eta Amaia KZn ere, baina 19:30ean, herritar guztiek jaso ahal izango dituzte alkatearen azalpenak. Paezek azaldu du herritarren iritzia jakin nahi dutela, “eta aurrekontu hauek eratzen lagunduko duen eztabaida egin”. Aldi berean, Ogasun ordezkariak gainontzeko alderdietako ordezkariei esan die “bat egin” behar dela, “udal finantzei dagokienez udal kontuetan denen artean lasaitasun bat bermatu ahal izateko”.