1970eko hamarkadako rock kartelekin jantzi dituzte Banako tabernako paretak
Josema Martinez musikari eta bildumazale irundarrak Vuelta a los setentas. Desembarco del Rock en Euskadi (70. hamarkadara itzulera. Rockaren lehorreratzea Euskadin) goiburuko erakusketa muntatu du Txiplaoko Banako tabernan. Izenburuak iradokitzen duen bezala, Euskal Herrian antolatu ziren lehen nazioarteko rock kontzertuen materiala bildu du erakusketarako, hala nola, kartelak, argazkiak, kronikak, etabar. Hilaren 22ra arte bisitatu daiteke Banakoko ohiko ordutegian: asteartetik igandera, 17:00etatik aurrera.
1970ko hamarkadan Los Cunix taldeko kide izan zen Martinez eta disko-denda bat zuen Colon pasealekuan. Biniloak saltzeaz gain, kontzertuak antolatu eta beste batzuek antolatutakoak babestu zituen bere saltokitik, eta rockaren gaineko zaletasun handia egin zuen. Zaletasun horren adibide da egunotan Banakon ikus daitekeen erakusketa.
Joan den igandean kontzertua eman zuen Josema Martinezen Back rock taldeak. 2009an sortu zuten taldea, Martinez, Jesus Etxeberria eta Ricardo Semper Kaio irundarrak eta Hendaian bizi den Joen Duzan bordelearra rock banda mitikoen bertsioak jotzeko elkartu zirenean.