Xuriek Lombez liderrarekin galdu dute
Hendaiako Stade errugbi taldeak Lombez liderraren etxean galdu zuen atzo 25-16, Federale 2 Ligako 11. jardunaldian. Porrotaren, eta BTSren eta Aireren emaitzen ondorioz —BTSk 15na berdindu zuen eta Airek 31-16 irabazi—, bosgarren tokiraino jaitsi dira xuriak, 32 punturekin.
Lombez lider sendo da, 41 punturekin, Mauleonek baino lau gehiago. Hirugarren Aire taldea dago (36rekin), Boucau-Tarnos laugarren (33) eta bosgarren Stade (32rekin).
Bigarren taldea garaile
Hendaiako bigarren taldeak garaipena lortu zuen Lombez IIren kontra (18-29). Markagailuari buelta eman behar izan zioten xuriek, bigarren zatiaren hasieran etxeko taldeak 18-7 jarri baitzen aurretik.
Gauzak okerren jarri zitzaizkienean Hendaiako taldeak ez zuen etsi, eta borondatez eta kemenaz lortu zuen emaitza bere alde jartzea: 18-22. Emaitza horrekin ere, aurrera segitu zuten hendaiarrek, eta Samorak partidako azken entsegua lortu zuen, garaipena biribiltzeko.