Hondarribiko udalaren webguneak milioi erdi bisita baino gehiago izan zituen iaz, 513.228 zehazki. Zerbitzua abiatu zutenetik izandako emaitzik onena da eta aurreko urtearekin alderatuta, %25eko igoera izan du zerbitzuak.
Bataz beste, egunean 1402 erabiltzaile izan zituen udalaren atariak. Horietako bakoitzak bederatzi minutuz jardun zuen eta webguneko zazpi orrialdeetan sartu zen. Abuztua, iraila, azaroa eta abenduan izan zituen bisita gehien
hondarribia.org webguneak.
Agenda eta albisteak bisitatuenak
Atalka,
Agenda eta
Berriak atalek jaso zituzten kontsulta gehien, eta haien atzetik
Alkatearekin hitz egiten atalak eta webguneko eskuineko bannerrak, Portuko eta Soroetako lanen gainekoak batez ere.
Aitor Kerejeta alkateak nabarmendu du “udal webgunea tresna baliagarria bilakatu” dela, “bai udalak informatzeko baita hiritarrak bere kexa edo iradokizunak aurkezteko ere. Datuak begiratuta, azken urte hauetan urtero bataz beste 120.000 bisita gehiago izaten ari gara, eta hori azpimarratzeko moduko datua da. Informazioa eta kultur ekitaldien agenda kontsultatzeko tresna ona bilakatu da udal webgunea, eta zerbitzu hori mantendu eta hobetu beharrean gaude. Hortaz gain, orriaren eskuinaldean jartzen diren obra nagusien informazioak ere oso kontsultatuak direla diote datuek”.
Udal webgunearen bisitak urtetik urtera
- 2009 urtea: 140.376 bisita.
- 2010 urtea: 298.390 bisita.
- 2011 urtea: 395.369 bisita.
- 2012 urtea: 513.228 bisita.