Larunbatean inauguratu zuten San Pedroko Ondartxon dagoen Itsas Kulturaren Zentroan Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko modelisten tailerra. Kultura eta ondare azpiegituraren behealdean dago tailerra, eta Donostiako Aquarimuaren, Albaolaren eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko kideen arteko elkarlanari esker lekualdatu dute tailerra Aquariumetik, San Pedrora.
Hiru eragile sustatzaileetako kideak ados azaldu ziren larunbatean azpiegitura garrantzitsua izango dela. Batetik, Albaolaren zereginaren osagarri izango delako, eta bestetik, itsas modelismoaren zaleak biltzeko, eta berriak erakartzeko. Hala, Aquariumeko kide Bixente Zaraguetak esan zuen “eskuzabaltasunaren emaitza” izan dela tailerra San Pedron izatea, “denen arteko eskuzabaltasuna”.
Albaolako Xabier Agoteren arabera, “modu naturalean” txertatu dute tailerra Ondartxon, “gure jarduerarekin koherentea delako”. Hala, besteak beste, Agotek nabarmendu zuen San Juan naoaren erreplika egiten ari direla bertan (1:25 eskalan); Donostia 2016 egitasmoaren barruan ontzi horren tamaina errealeko erreplika egitea aurreikusi dute.
Modelisten izenean Luis Bollok hitz egin zuen. Haren arabera, “modelisten hazitegia” izatea da tailerraren helburuetakoa, “izan ere, orain lan honetan gabiltzanak nahikoa zaharrak gara, eta gazteak erakartzeko bidea izan daiteke tailerra”.
Tailerra bisitarientzako zabalik egongo da, eta modelistek zuzenean nola lan egiten duten aukera izango dute bisitariek.
-
-
Inaugurazioaren une bat
-
-
Lanabesen koadroa
-
-
Modelisten hainbat maketa
-
-
San Juan naoaren hezurdura
-
-
San Juan naoaren erreplika, 1:25 neurrian
-
-
Tailerreko makinak