Murrizketen kontrako itxialdia egiten ari dira Pasaiako Portu Agintaritzan
Pasaiako eta Bilboko portu agintaritzetako UGT eta CCOO sindikatuetako hainbat langilek 24 orduko itxialdia hasi dute gaurko 12:00etan Pasaiako Portu Agintaritzaren egoitzan. Izan ere, 2013ko uztailean bukatuko da portu horietako langileen lan hitzarmen kolektiboa, eta bi sindikatuetako langileek salatu dutenez, 2010eko ekainetik “gure eskubideen kontrako murrizketak” ematen ari dira. Hortaz, murrizketa horien kontra eta lan hitzarmenaren defentsan hasi dute egunbeteko itxialdia. Bi sindikatuek azaldu dutenez, Pasaiako Portua “murrizketen puntan” izan da, eta horregatik egiten ari dira ekintza bertan. LABeko ordezkarien babesa izan dute bertan itxialdian daudenek.