Marlaxkak Gipuzkoako Xake Liga hasi du, maila guztietan lehen aldiz
Asteburuan taldekako Gipuzkoako Xake Liga hasi zen eta aurten lehen aldiz Hondarribiko Marlaxka Elkarteak maila guztietan parte hartuko du. Lehen jardunaldian bi garaipen eta bi porrot izan zituzten hondarribiarrek.
Gorengo Mailan, Marlaxka A taldeak Arrasaten jokatu zuen eta irabazi, Arlutz Brekin (1-3). Goio Uriartek, Manu Mayok eta FJ Torresek euren partidak irabazi zituzten, eta Nabar Tejedorrek berea galdu.
Lehen Mailan Hernanin aritu zen Marlaxka B, Hernani A-ren kontra. Etxekoak nagusitu ziren (2,5-1,5). Eta Bigarren eta Hirugarren Mailako taldeek Donostiako Gros elkartea izan zuten aurkari.
Bigarren Mailakoek, Marlaxka C taldekoek Gros F taldea menderatu zuten Donostian (1,5-2,5). Eta Hirugarren Mailan arituko den Marlaxka D taldeak etxean galdu zuen Gros I-rekin, Gipuzkoako taldekako xake txapelketako lehen jardunaldian.