
Endika Diez Leka Eneako jokalaria
Gizonen Superdibisio ligako lehen itzuliari amaiera eman dio dagoeneko Leka Enea taldeak, eta azken garaipen bat lortuta bukatu du gainera lehen txanpa. L’Escala taldearen aurka lehiatu zen Leka Enea asteburuan, Gironan (Herri Katalanak) eta 4-1 garaitzea lortu zuen Irungo taldeak.
Era horretan lehen itzulia bigarren postuan bukatu du Leka Eneak, eta klubetik adierazi dutenez, “bigarren itzulirako helburua, Cajasur Priego Cordoba faboritoa harrapatzea izango da”. Andaluziako taldeak otsaila hasieran bisitatuko du Hirubide.
Heldu den asteburuan bestalde, ez da jardunaldirik jokatuko. Izan ere, Almeriako Pro Tour txapelketa jokatuko da eta Endika Diez jokalari irundarra Espainiako selekzioarekin ariko da bertan. Horiek horrela, Caja Burgosen kontra jokatuko du Leka Eneak hurrengo jardunaldia, urtarrilaren 26an, etxetik kanpo izango den partidan.
Leka Eneako gainontzeko taldeak
Emakumezkoen Superdibisio ligan lehiatzen den Leka Enea taldeak urtarrilaren 25ean ekingo dio berriz ere ligari. Ucam Cartagena liderraren aurka indarrak neurtu beharko dituzte egun horretan Leka Enea taldekoak, etxetik kanpo jokatuko duten partidan.
Ohorezko Mailako taldeari dagokionez, Galizian aritu dira asteburuan, hitzordu bikotzean. Hala, partida bat irabazi eta bestea galdu dute irundarrak eta ondorioz, sailkapen orokorraren erdiko postuetan kokatu dira azkenean.