Real Unionek 3-0 irabazi zuen Izarraren aurka. Irudia: Real Union
Imanol Idiakezek zuzendutako taldeak 3-0 irabazi zion atzo Izarra taldeari, Stadium Galen izandako lehian. Euriak jokoa zaildu zuen arren, garaipena eskuratzen jakin zuen Real Unionek.
Atsedenaldia iritsi orduko, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten txuri-beltzek, Angulok 41. minutuan sartutako golari esker. Lanbarri eta Andriu jokalariak bestalde, ezin izan zituzten indarrak neurtzen bukatu Izarrarekin; lehena lesionatuta zelaitik atera zuten, eta bigarrenak buruan kolpea jaso eta odoletan hasi zen. Tarte batera itzuli zen Andriu hesgailua buruan zuela, baina handik gutxira zelaitik ateratzeko agindua eman zion Idiakez entrenatzaileak.
Atsedenalditik itzuli eta hamabost minutura, Angulo txuri-beltzak kornerra atera eta Izarrako Arpon jokalaria baloia gelditu nahiean edo, ate propioan sartu zuen gola. 75. minutuan Juan Dominguezek garaipenaren azken gola lortu zuen, baina tentsioa ez zen hor bukatu: Izarraren aldeko penaltia erabaki zuen epaileak 77. minutuan, eta hori gelditzea lortu zuen txuri-beltzen atezain Oterminek.
Horiek horrela, sailkapen orokorraren bosgarren postuan kokatuta dago Union gaur egun, 33 punturekin. Laugarren postuan kokatutako SD Amorebietatik lau puntura hain zuzen.
Bigarren postuan mantenduz
Erregional Ohorezko Mailan lehiatzen den Real Union B taldeak garaipena eskuratu zuen beste behin ere. Zarautzen aurka indarrak neurtu zituzten txuri-beltzek eta 2-1 irabaztea lortu zuten irundarrek. Horiek horrela, sailkapen orokorraren bigarren postuan segitzea lortu du Real Union klubaren bigarren taldeak.