Lucas, North Carolina taldeko elastikoarekin
Hondarribia-Irun saskibaloi taldeak Italee Lucas estatubatuarra fitxatu du, Gabonetako oporraldian taldea utzi duen Lindsay Harris herrikidearen hutsunea betetzeko. Lucas 172 zentimetroko eskolta-hegalekoa da, 23 urte ditu eta North Carolina unibertsitatean jokatu zuen, azken denboraldian partidako 15 puntu sartu zituelarik.
Aurten, Italee Lucas Errumaniako Satu Mare taldean ari zen jokatzen eta zenbaki onak azaldu ditu hango ligan: 17 puntu eta 4 errebote, bataz beste. FIBAko Eurocup lehiaketan ere antzerako zenbakiak egin ditu: 18 puntu, 4 errebote eta 3 asistentzia.
Joan den ostegunean sinatu zuten hitzarmena taldeak eta Lucasek, eta atzo iritsi zen jokalaria Hondarribiko aireportura. Dena ondo, datorren asteburuan debutatu ahal izango du estatubatuarrak, Tintos de Toro taldearen kontra. Hondarribiko taldetik esan dutenez, “eskolta-hegalaria da, baina base postuan ere jokatu dezake. Hondarribia-Irunen hiru posizio horietan jokatuko du, 1, 2 edo 3 bezala”.
Hortaz, Leire Aranburu presidente duen taldeak beste fitxaketaren bat egiten duen bitartean, Sandra Igueravide basearen hutsunea betetzen lagundu beharko du Lucasek, Ana Suarez joko zuzendariari atseden minutuak eskainiz. Igueravidek ere Gabonetan utzi zuen taldea, berak eskatuta, Turkiara jokatzera joateko. Valentziarraren joanarekin, Hondarribia-Irunek base titularraz gain, saskiratzaile onena ere galdu du.
Harrisen ordez dator
Gabonetan Txingudi Saskibaloi Elkarteak kontratua eten zion Lindsay Harris eskoltari, berarengandik espero zutena ez baitzuen bete. Taldeko saskiratzaile onenetakoa behar zuen izan Harrisek, baina bere ekarpena ez zen iristen partidako 6 puntura.