Zergatik Bilbora U12an
Ur goiena, ur barrena, urte berri, egun ona (Urdiaingo kanta herrikoia). Demagun ura dela emankortasunaren hazia. Ur goiena, hodeietatik datorkiguna. Ur barrena lurraren altzoan aberasten dena. Urte, ur ugariko une luzea, elurte den bezala elur askoko unea. Bilbora noa gure Herrira-ko emankortasunaren hazia aldarrikatzera, oihu ixil batez erakartzera. Banoa, bada, Bilbora. Horixe baietz. Emankortasuna lantzera.
Zer behar dugu ugarian eman eta sortu? Bihotz minduentzat antidotoak, osagaiak.
Izan ere, preso gaixo larriak kartzelan mantentzea, besteak beste, krudeltasunaren adierazpena da. Ez da lege kontua, gaur egungo legeak bide ematen dio gaixo horien askatasunari. Legearen aplikazio krudela salatzeko noa Bilbora.
Izan ere, urte luzez kartzelan egon eta gero, irtetzeko unera iritsi eta orduan prezeski preso horri Parot doktrina-ren aplikazioa ezartzeak, krudeltasunaz gain erakusten duena da arbitrarietatea eta maltzurkeria, mina egiteko mendekua. Politikatik mendekua baztertua izan dadin banoa Bilbora.
Izan ere, presoak espetxealdia osoan sakabanetaren eta isolamenduaren zigorpean mantentzeak pertsonaren suntsiketa bilatzearen sinonimoa da. Eta horrek, kontzentrazio eremuak gogorarazteaz gain, demokrazia deitzen zaion baten izaera autoritario-diktatoriala adierazten du. Horregatik ere noa Bilbora. Ongi asmatu zuten M15ekoek esatean le llaman democracia y no lo es.
Izan ere, hauxe da Bilbora joateko, eta Presoak herrira aldarrikatzeko nire arrazoi nagusiena. Demokrazia hau ez da epaile justu izateko nor. Legedia, indarrean dagoena, errotikako injustizia baten gainean eraikia da, transizioko erregimenak izkutatu nahi izan duen injustizian. Eta lege injusto horien defentsa dago presoak preso edukitzeko arrazoiaren oinarrian. Lege injusto izateak, ez du berez legearen aurka egindako guztia ontzat ematen. Bakoitzak izan dezake hortaz bere iritzia eta, egunen batean, hortaz ere libre hitz egiteko garaia iritsiko da. Baina libertade horren aurkako traba nagusia da oraindik orain predikatzen den konstituzioaren sakralizazioa. Horixe bera da presoak preso mantentzen dituena. Eta honengatik batez ere banoa ni Bilbora.
Arestik gonbidatu bezala, Kanta dezagun denok batera lehen kapitulua fedearen artikulua.
Eta diot: presoak herrira.
Joseba Barriola. Errenteria-Orereta