Oihana Etxebarrieta: Seiehun eta seitik bat
Urtarrilaren 5eko, larunbata, 04:30ak dira. Nire lagunak parrandan dauden bitartean, ni oraintxe bertan esnatu egin naiz. Esnatu baino, ohetik altxatu naizela esatea egokiago dela uste dut, gaur ez dut lortu lokartzea. Urduri nago, beti bezala. Dutxa bat espabilatzeko, arropa jantzi (aurreko egunean aukeratu nuen, ordu hauetan erabakiak hartzea izugarri zail egiten baitzait oraindik), eta eguneko lehenengo kafea. Badakit kafeak gehiago urduritzen duela, eta momentu hauetan behar dudan azken gauza dela, baina ulertuko duzue, ordu txiki hauetan ezinbestekoa dela aurrera egin ahal izateko!
Kotxearen bila jaitsi eta ataritik kotxerako bidean lehen zigarroa erre dut. Bi pakete daramatzat poltsan, eguna bestela oooso luzea egiten zait. Giltzari buelta eman eta martxan hasi naiz. “Errepideak ordu hauetan ez daude jarrita!”. Ez dakit esamolde hori ezaguna zaizuen, nik behintzat askotan erabili izan dut, baina aspaldian frogatua dut goizeko 04:30ean jada errepideak instalatuta daudela ohiko tokietan.
Gaur beste lagun batekin noa, eta berarekin geratu naizen kale kantoian dago, fin-fin beti bezala. Kafe bete termo ekarri du! Horrela bai! Martxan jarri gara. 120, 130, 140… Errepide hauetan konturatu gabe zelako abiadura hartzen duen kotxeak! Dena zuzen-zuzena da … Abiadura gutxituko dut. Duela bi aste susto ederra izan genuen, eta ez dut errepikatzerik nahi. 07:30ean lehen geldialditxoa, beste kafe bat eta martxa berriro. Orain lagunak hartu du kotxea. Izugarria da kotxe batek sortzen duen konplizitatea. Lehenagotik ezagutzen ez zenuen jendearekin batera, bidai luzeak egiten dituzu eta amaieran, betiko lagunak izango bagina bezala ezagutzen dugu elkar. Gustatzen zait.
09:30ean heldu gara. Paketea hartu dut. Argazki polit batzuk sartu dizkiot gaurkoan. Ea sartzen uzten dizkidaten, azkenaldian oso zorrotz jarri dira honekin ere. NANa garitan eman eta itxarongelan geratu gara. Nire izena izan daitekeen zerbait oihukatu du funtzionarioak. Aldiro izen berri bat jartzen didate. Barrura noa, bigarren itxarongelara. Hantxe egon gara ordu erdiz. Joder! Kafe gutxiago hartu behar nuen, nerbioak lehertzear ditut gaurkoan … Zigarro bat erre ahalko banu …
Zabaldu dute atea. Bagoaz barrura, korrika. Hantxe zaude, kristalaren beste aldean itxaroten. “Kaixo pitxin!… Urte berri on!”… “Ta zu zemuz?… Gogoak nituen zu ikusteko… Hurrengo larunbatean manifara?”. “Noski! Bilbora joango gara kaleak betetzera kartzelak husteko!”.