Irunbus zerbitzuko L2 lineako autobusa Katean
Zenbait aldaketa izango dira urtarrilaren 21etik aurrera Irungo L2 eta L3 autobus zerbitzuetan, udalak jakinarazi duenez. Aldaketa horiek, ordutegiei eragingo diete batez ere.
San Juan-Katea-Txingudi L2 linearen kasuan, Landetxa eta Txingudiko ordutegietan eta ibilbidean jasango dituzte aldaketak. Hala, Txingudiko irteerak hamar minutu aurreratuko dira, azken zerbitzuaren kasuan izan ezik. Izan ere, bertako langileen eskaerei erantzuteko asmoz, 22:30ak arte mantenduko da azken zerbitzua. Halaber, 15:20etako eta 17:20etako autobusek Arason egingo dute geldialdia, bertako langileei zerbitzua emateko xedez.
L3 zerbitzuak bestalde, San Juan-Olaberria-Artiga lineak larunbatetan pairatuko ditu aldaketak. Izan ere, Moskuko larunbateko azokaren ondorioz zerbitzu horretan aldaketak egitea ezinbestekoa dela adierazi dute udaletik. Horrez gain, Olaberriarako zerbitzuan autobusa bera aldatuko dela jakinarazi dute, baina bestela, zerbitzua bere horretan mantenduko dute.