Sandra Igueravide baseak ez du gehiago Anne Peña ren aginduetara jokatuko
Gabonetako opor luzeen ondoren saskibaloiko Emakumeen Ligaren bigarren itzulia hasiko da asteburuan, eta Hondarribia-Irunek zazpi jokalari besterik ez ditu izango txapelketaren bigarren erdiari ekiteko. Iazko abenduaren 22an lehen itzuliko azken lehia jokatu zuten hondarribiarrek, eta ordutik hiru jokalari galdu ditu taldeak: Sandrine Nzeukou, Lindsay Harris eta Sandra Igueravide; aurreneko biak taldeak erabakita eta, base valentziarraren kasuan, jokalariak berak eskatuta. Hala, aste honetan zazpi jokalari besterik ez ditu izan Anne Peñak entrenatzeko, eta zazpi horiek jokatuko dute bihar Burgosen.
Nzeukou kamerundarra bi hilabetez aritu da Hondarribian, saski azpiko lanean laguntzen. Taldeak Sonia Reis portugaldarra fitxatu zuen udan, baina belauneko minarekin etorri zen, eta osatu bitartean, Nzeukouri hilabete bateko kontratua egin zioten, eta ondoren beste hilabetez berritu. Reis erabat osatu denez, kamerundarrak taldea utzi du Gabonetan.
Txingudi Saskibaloia Taldeak, bestalde, Lindsay Harris eskoltarekin zuen harremana etetea erabaki du. Harris ez zegoen pozik, gutxi jokatzen zuelako, eta entrenatzailea ere ez eskoltarekin, estatubatuarraren zenbakiak ez zirelako esperotakoak: taldeko saskiratzaile onenetakoa izateko fitxatu zuten eta lehen itzulian partidako 6,3 puntu egin ditu batez beste.
Izarrari agur
Baina hutsune handiena Sandra Igueravide basearena izango da, bera izan baita Keshler txiletarrarekin batera taldeko jokalari garrantzitsuena. Taldea bikain zuzendu izan du valentziarrak, eta inork baino puntu gehiago lortu ditu, ardura hori beste batzuena izan behar zen arren.
Igueravidek berak eskatu zuen taldea uztea, eta Leire Aranburu presidenteak onartu duenez, “kolpe latza izan da, kontratua du, baina ez dugu inor behartuko geratzera, geratu nahi ez badu”. Atzo bertan Turkiako Edremit taldearekin hitzarmena sinatu zuen Igueravidek.
Ezustekoaren bila
Bigarren itzulia Burgosen hasiko du Hondarribia-Irunek, bihar, Beroil Ciudad de Burgos taldearen kontra, 18:30ean. Burgostarrek lau garaipen dituzte eta hondarribiarrekin berdinduta daude sailkapenean. Lehen itzulian Anne Peñaren neskak nagusitu ziren Hondartzan (63-57), baina taldean izan diren aldaketen ondoren burgostarrak faborito dira.