
Langileek negoziaketarako deia luzatu diote zuzendaritzari
Hondarribiko aireportutik hemezortzi langile kaleratzeko lan erregulazio txostena aurkeztu du AENA enpresa publikoak. Horrenbestez, aireportuko hiru langiletatik bat kaleratuko lukete, egun 53 baititu aireportuak. Erabaki hori defizita murrizteko aurkeztutako Efizientzia Planaren barruan kokatu du AENAk, baina Langile Batzordeak “aireportua pribatizatzeko urratsa” dela iritzi dio.
Emilio Garcia (CCOO) Langileen Batzordeko bozeramaileak azaldu duenez, AENA enpresa publikoa da, “baina aurrekontuetatik dirurik ez du jasotzen, autofinantzatzen da”. Zorra pilatzen joan dela gaineratu du, eta egun 14.000 milioi euroko defizita duela. Zor hori “zenbait aireportu handitzearen ondorioz” sortutakoa da Garciaren arabera, baita kudeaketa txarraren ondorioz ere.
Krisia lehertu zenean, 500.000 bidaiari baino gutxiago dituzten aireportuetan —3. multzokoak—, Efizientzia Plana martxan jarri zuen AENAk, eta horrek «zerbitzuen kalitatean eta segurtasun operatiboan» eragingo duela iritzi dio Garciak: “Ordutegi operatiboaren murrizketarekin langileak soberan daudela diote, eta argi dago beste langile batzuek hartu beharko dutela kaleratutakoen lan karga”.
Esate baterako, Efizientzia Planarekin hegazkin-seinalegileak desagertuko liratekeela azaldu du bozeramaileak: “Lur hartzeko eremua baldintza egokietan dagoela aztertzen dutenak dira, segurtasun operatiboari zuzenean lotutako jarduera da”. Hala, Garciak gogorarazi zuenez, “iaz informatzaileak desagertu ziren”, eta beren lana Apuc delakoen (bidaiari, erabiltzaile eta bezeroen arreta zerbitzua) esku geratu dela gaineratu. “Orain, enpresak iPad batekin ordezkatu nahi ditu Apuc-ak”, salatu du.
Langile Batzordearen arabera, Efizientzia Planaren bidez 30 milioi euro aurreztu nahi ditu AENAk, “zorraren %0,02 baino ez”, eta hori pribatizaziorako urratsa dela iritzi dio Langile Batzordeak: “Zerbitzu bat desmantelatu gobernuaren lagunen eskuetan uzteko”. Gaineratu zuenez, “AENA denen zerbitzua da, eta oparitu nahi dute. Osasungintzan, hezkuntzan, Renfen… ikusten ari gara”. Zentzu horretan, Hondarribiko langileez gain, Espainiako Estatuan 1.440-1.500 langileri eragingo dien lana erregulatzeko txostena aurkeztu duela gogorarazi zuen Garciak.
Egoera okertu
Pistaren luzapena eman ez izanak eta zenbait erakundeen jokabideak egoera are gehiago kaltetu dutela uste du Langileen Batzordeak: “Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira erantzuleak. Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da 2016an; bultza dezatela beraz Hondarribia”, eskatu zuen.
Era berean, Loiuko eta Hondarribiko hegaldien arteko prezioen gainean ere mintzatu zen langileen bozeramailea: “Ez da normala Loiutik Bartzelonara 80 euroan joan ahal izatea, eta hemendik aterata 300 euro ordaindu behar izatea”.