Udal talde guztiek antolatu dute Eraikiz zikloa
Lehenengoz Eraikiz antzerki eta zine zikloa egingo dute Errenteria-Oreretan. Ekimen horretan giza eskubideen gaiarekin lotutako antzerki eta filmak emango dituzte, eta urtarrilaren 24etik otsailaren 2ra arte egongo da martxan. Antzerki nahiz film horietako protagonistak ere jasoko dituzte, eta hala nola, Jesus Egiguren PSE-EEko kideak, Rosa Rodero ETAk hildako ertzain baten alargunak eta Jon Ugarte eta Joxan Agirre preso ohiek parte hartuko dute Eraikiz-en.
Ekimen hori Errenteriako udal talde guztiek antolatu dute, eta atzoko aurkezpenean udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileek parte hartu zuten Julen Mendoza alkatearekin batera.
Mendozak nabarmendu zuenez, horren bidez “pauso bat gehiago ematea” nahi izan dute “herri honen bakegintza eraikitzerako bidean”, eta asmoa da “hausnarketa sortzea guztien artean”.
Ekitaldi guztiak 19:00etan dira eta Niessenen auditoriumean, eta doakoak dira, baina sarrerak aurretik hartzeko gomendatu dute tokia, behintzat, bermatuta edukitzeko. Horretarako, 943 44 96 11 telefonora deitu edo
alkatetza[a bildua]errenteria.net helbidera idatzi beharko da.
Egitaraua
- Hilak 24: Memorias de un conspirador. Jesus Egiguren PSE-EEko kideak parte hartuko du.
- Hilak 26: Barrura begiratzeko leihoak. Bertan izango dira Mireia Gabilondo filmeko zuzendarietako bat eta Jon Ugarte presoak.
- Hilak 31: Su txikian. Imanol Murua Uriaren Loiolako Hegiak liburuan oinarritutako antzezlana. Bertan parte hartuko dute aktoreek.
- Otsailak 2: Begiak mintzo dira. Gorka Espriau zuzendaria, Rosa Rodero ETAk hildako ertzain baten alargunak eta Joxan Agirre preso ohiak parte hartuko dute.