Antxok ekialdea irabaziko du
Martxoan hasiko dira hiru egitasmo horiek egiteko lanak, eta 10 hilabetean eginda izango dira. Hau da, 2014ko hasieran balia ditzakete antxotarrek azpiegitura horiek. 1,5 milioiko aurrekontua dute. Hasiera batean, Antxoko pilotalekua Usozko eremuan egitea zen asmoa, baina hiru arrazoigatik erabaki zuen gobernu taldeak —Udalbatzak berretsi egin zuen plenoan gobernu taldearen proposamena— Marealta ondoan egitea pilotalekua, eta haren ingurukoak: lehenik, Marealtan epe laburragoan egingo dituztelako, Usozeko asmoa Donostiako Auditz-Akular egitasmoaren-pean zegoelako; bigarrenez, Marealtako pilotalekua Usozen egingo zena baino handiagoa izango da; eta hirugarrenez, kokapena U sozkoa baino egokiagoa da.
Xehetasunak, eta galderak Pilotalekuak, Euskal Pilota Federazioak eskatzen dituen neurriak izango ditu, jokalarientzako bi aldagela, epaileentzako beste bat, argiteria, eta kanpoaldean, kantina. Itxia izango da, “Antxok bazuen horrelako azpiegitura baten beharra kirol nahiz bestelako jarduerak egiteko”, esan zuen Kultur Etxean Izaskun Biurrun Antxoko alkateordeak. Harmailetan 258 pertsonentzako eserlekuak egongo dira, eta asmoa da bertara iristeko Azoka paretik pasabidea egitea Marealtaren gainetik. Pilotalekuaren inguruko parkean belardiak izango dira nagusi, “azpiegitura ingurunearekin integratuta egongo da horrela”, esan zuten VAUMMeko arkitektoek. Izan ere, bolumen handiko eraikina izango da frontoiarena, eta hori gutxitzeko hainbat neurri zuzentzaile aurreikusi dituzte. Parkean ere adinekoek gimnasia egiteko tresnak egongo dira. Arkitektoek eta udal ordezkariek azalpenak eman ondoren, gisa guztietako galderak egin zituzten Kultur Etxera bildu ziren herritarrek. Jakin-mina zuten. Galdera guztiak erantzun zituzten bai arkitektoek zein Izaskun Biurrun alkateordeak.