Irudian, Irungo udaletxea
Euskal udaletako berrikuntza eta modernizazioaren gaineko diagnostikoa plazaratu berri ditu Eudelek. Irungo Udala 50.000-100.000 biztanleri kopuruaren kategoriaren barruan aztertu dute eta 5etik, 4,04ko emaitza lortu du bertan.
Ikerketaren arabera euskal udalen berrikuntza eta modernizazio maila neurtu nahi zuen Eudelek. Horretarako, galdera sorta luzea erantzun dute tokiko gobernuaren Informazio eta Parte Hartze arlotik. Gainera, Irungo Udalaren weborrira ere jo zuen Eudelek eskuragarritasuna, hiritarrarekiko zerbitzua eta gardentasuna bezalako parametroak neurtzeko.
Batezbestekoaren gainetik
Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) batezbesteko nota nabari gainditu du Irungo Udalak. Izan ere, 251 udalei bidali die Eudelek galdetegia, eta horietatik 203k erantzun dute. Hala, EAEko batezbesteko emaitza 2koa izan da, eta 2,14koa Gipuzkoarena.
Irungo Udalaren kasuan, emaitza onenak lortu ditu eskuragarritasun arloan (5/5), berrikuntza eta hobekuntzan (4,4/5), lidergoa eta lankidentzan (4,3/5) eta gardentasunean (4,14/5).