Gabonetako tailerrak Oiasso museoan
Oiasso Erromatar Museoko arduradunek kontent agertu dira umeei zuzendutako Gabonetako tailerretako parte hartzearekin. Abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitartean zortzi ikastaro egin zituzten denera museoan, eta 73 umeren parte hartzea eduki zuten. Hala, ia tailer guztietan aurrekisutako leku kopurua bete zutela adierazi dute museotik.
Umeak antzinako kultura eta historiara hurbiltzeko helburua izan dute tailerrek; beti ere, era dibertigarri eta arinean. Besteak beste, antzinako asmatzaileen inguruko gaiak eta Egiptoko mitologia jorratu zituzten txikienak ikastaroetan. Aurten gainera, harrera “bikaina” eduki duten bi berritasun eskaini ditu Oiasso museoak: bata, galletak egin eta erromatar xehetasunekin apaintzeko ikastaroa, eta bestea, erromatar diseinuei jarraituz mosaiko bat egiteko tailerra.