Oskar Benas musikaria
Oskar Benas musikari irundarrak Irun Zuzenean ekimenaren hurrengo protagonista izango da, ostiralean, urtarrilaren 11n. Oiasso Erromatar Museoak hartuko du emanaldia, lehen aldiz musika ekimen honetan parte hartuz. 20:00etan hasiko da kontzertua.
Vida vierte muda muerte da Irungo artistaren azken lanaren izena, eta Los vampiros del ritmo taldeko kideen laguntza jaso du hori osatzeko. David Martinezen bateria eta perkusio doinuek, JC Luqueren baxua eta kontrabaxuak, eta Joseba Baleztenaren gitarra, banjoa eta koruek diskoaren osaketan lagundu dute. Benasek bere aldetik, ahotsaz gain, gitarra, banjoa, koruak, teklatua eta produkzioa aurrera eraman ditu. Bakarlari moduan ariko da gainera Oiasso museoan.
Crowdfunding bidez
Artista irundarrak
Verkami (gazteleraz) webgunearen bitartez abiatutako crowdfunding bati esker eskuratu zuen diskoa editatzeko diru kopuru nagusiena. Horren bidez diskoari sostengua eman ziotenek, CDaz gain, ilustrazio liburuxka esklusiboa jasoko dute. Bestela, diskoa eskuratzeko modu bakarra biniloan edo artistaren beste
webgunearen bidez izango da.
Irungo musikariak zuzenean
Irun Zuzenean musika ekimenak aurrera segituko du 2013. urtean zehar. Aurtengo lehen kontzertua izan arren, iragan apirilean abiatu zenetik, hainbat eszenatoki gehituz joan dira bultzatzaileak. Hala, Cafe Irun, Amaia KZ, Ficoba eta kalean eraikitako eszenatokietaz gain, orain, Oiasso museoarena ere prest izango da.
Hiriko taldeen lana hedatzeko tresna bezala sortu zen Irun Zuzenean, eta bide batez, nazioarteko talde ezagunak eskualdera hurbiltzeko ere erabili da.