Gizon bat atxilotu dute Errenterian droga saltzea egotzita
Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen joan den ostegunean Errenteria-Oreretako erdialdean ustez droga trafikatzeagatik. Udaltzaingoaren arabera, 60 gramoko bi poltsa zeramatzan anfetaminaz (speed) beteta. Gizona epailearen esku utzi dute.
Egun horretan, goizeko hamaikak aldera, etxe batean egindako lapurreta baten abisua pasatu zioten Udaltzaingoari. Ustez bi lagun Pontika inguruko etxebizitza batean lapurtzen ahalegindu ziren. Ondorengo orduetan udaltzainak erdialdean, Pontikan, Agustinetan eta Arramendi parkean zehar patruilatzen ibili ziren.
Eguerdiko ordu batean deskribapenarekin bat egin zitekeen pertsona bat topatu zuten Biteri kalean, eta udaltzainen arabera, euren presentziaz jabetzean, oso urduri jarri zen, eta noraezean. Gizona jarraitu zuten, eta identifikatzeko eskatu zioten. Udaltzainek gaineratu dutenez, txaketan zeramatzan bi poltsa gainetik kentzen saiatu zen, aparkatuta zeuden bi ibilgailuren azpira botaz.
Udaltzainek bi poltsa horiek ireki zituzten, eta anfetaminaz beteta zeudela ikusi zuten. Jarraian, miatu egin zuten, eta gainean, 500 euro zeramatzala adierazi dute, baita “plastikozko bi bilgarri, hautsez beteak, eta 0,5 gramo ingurukoak”.
Mutila osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta atxilotu zuten.