Alokairua ez ordaintzeagatik herenegun etxetik kaleratu zituzten bi familiei babesa erakutsi die gobernu taldeak. Krisiaren ondorioz hainbat familia eta norbanakoei etxe kaleratze neurriak ezartzea “irmoki deitoratu” du horren harira, eta EH Bilduk publiko eginda duen protokoloari jarraituta
, halako muturreko egoerei irtenbideak bilatzeko udala lanean “gogor” ari dela nabarmendu du Ainhoa Zabalo buru duen udal taldeak (
udal adierazpena).
Kaleratutako bi familiekin atzo elkartu zen Zabalo eta bilera horretan halako egoeren aurrean Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzatik jaso daitezkeen dirulaguntzen berri eman zietela azaldu dute udaletik, bestalde.
Etxe kaleratzeen gaia “etekin politikoak ateratzeko” erabiltzea salatu du azkenik: “Ulergaitza egiten zaigu erantzule zuzenak izanik gaia modu alderkoian erabiltzea. Izan ere, PSOE eta PPren aldeko bozkak jaso zituen lege egitasmo horrek”.
Herritarren babesa eskertu
Etxetik kaleratutako zortzi kideetatik lau kanpin dendetan bizitzen ari dira Markesenea orubean astelehenaz geroztik. Ez dute konponbidea erraza ikusten, “denok langabezian gaudelako eta egoera horretan ezin dogulako aurre egin alokairu bati”, azaldu du Alfredo Tarrerok. Argi dute gainera konponbideren bat helduta, ez dutela onartuko banatzea. “Diputazioren harrera etxeetaz hitz egin digute, baina bertan sartuz gero, bananduta egin beharko genuke, eta ez gaude horretarako prest. Ez gara eskaleak. Krisiak eragin du bizi dugun egoera, eta gaudenean gaudela, elkarrekin izango gara”, esan du Marian Ezeizak.
Hunkituta azaldu dira laurak, herritarren aldetik jasotzen ari diren babesarekin. Atzo bertan ezagutu ere egiten ez dituzten hainbat herritar kanpalekuraino hurbildu eta elkartasuna adierazi zietela nabarmendu dute, eta horien artetik, 17 urteko neska baten bisitaz aritu dira. “Guregana etorri eta 100 euro atera zituen poltsikotik, ziurrenik merkealdietan arropa erosteko jasota izango zituen. Asko ez zela, baina guri eman nahi zigula esan zigun”, azaldu du hunkituta Ezeizak. Alkatearekin bilera izan eta kanpin dendetara itzulitakoan janari poltsez beteta aurkitu zutela mahaia kontatu dute ere Ezeizak eta Tarrerok. “Jendeak egin dezaken diru eta janari ekarpena bihotzez eskertzen dugu, baina ez dugu hori nahi, horiekin ezin dugulako bizi dugun egoera konpondu. Lan bat behar dugu, duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko”.