U12aren harira, Pasaiako Udal Gobernuaren bandoa
Pasaiako Udal Gobernuak larunbatean Bilbon egingo den mobilizazio orokorraren harira duen jarrera azaldu du bando bidez. Hona, hitzez hitz, herritarrei zuzendu dieten oharra, Amaia Agirregabiria alkatearen izenean:
“Lerro hauen bidez, Pasaiako Udal Gobernuak bat egin nahi du Herrira mugimenduak deiturik urtarrilaren 12an Bilbon Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira goiburuarekin egingo den mobilizazio orokorrarekin.
Giza Eskubideen Deklarazioaren edukiak aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe utzi behar direla uste dugu. Zehazki, sakabanaketa politikari amaiera ematea, gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre gelditzea, eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia betetzea zigorra bete duten 67 presoak libre gera daitezen. Aitzitik, giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala egiteko prestutasuna adierazten dugu, betiere modu eraikitzailean egiazko konponbideak bilatu nahian.
Hori horrela, Pasaiako Udal Gobernuak datorren urtarrilaren 12an (larunbata), Bilbon egingo den mobilizazio orokorrean parte har dezazun dei egin nahi dizu.”.