Hondarribian bizi den Alfonso Sastre idazlearen
Lluvia de ángeles sobre París (
Parisen aingeru euria ari du) antzezlana taularatuko dute igande arratsaldean, hilaren 13an Itsas Etxeko Auditoriumean, 19:00etan. Madrilgo Bululu 2120 konpainiak egokitu du Sastreren testua eta Bululuren sortzaile den Antonio Malonda katalanak zuzenduko du aktore taldea. Hondarribian baino lehenago, Donostiako Victoria Eugenian antzeztuko dute, ostegunean eta ostiralean.
Hondarribiko saioa igandean izango da, arratsaldeko zazpietan hasita. Gaur jarri dituzte sarrerak salgai, 6 euroko prezioan. Erosi nahi dituenak turismo bulegoetan aurkituko ditu, ohiko ordutegian. Denak saltzen ez badira, Itsas Etxeko leihatilan salduko dituzte, saioa hasi baino ordubete lehenagotik.
Lehen komedia lana
Alfonso Sastre idazlea
1994an idatzi zuen Alfonso Sastrek
Lluvia de ángeles sobre París, antzerkia idazteari utziko ziola esan eta gero: “Ez nuen nire hitza bete, baina egia da ere hau ez dela ordurarte egiten nuen antzerkia, ez du zerikusirik harekin”, dio idazleak OARSO BIDASOKO HITZA-ri eskaini dion elkarrizketan (ostiralean argitaratuko dugu). Izan ere, igandean antzeztuko duten testua Alfonso Sastreren lehen komedia da, eta horrek ezustean harrapatu ditzake Espainiako Antzerki Saridunaren lan dramatikoaren jarraitzaileak.
Sastre eroso sentitzen den jenero bat lantzen du
Lluvia de ángeles sobre Paris obran, poliziakoa, eta fantastikoarekin nahastuta ageri da. Baina, esan bezala, ez du modu dramatikoan jorratzen, umoristikoan baizik: umore politikoa batzuetan, absurdoa beste batzuetan, eszenan ageri diren pertsonaien araberakoa. Idazlearen obran, lan bereizia da, aurrekoen jarrera kritikoa galdu gabe, baina beste modu batean aurkeztuta. Sastreren testu dramatikoekin hunkituta sentitu denak, farre egiteko aukera izango du oraingoan.
Madrilen estreinatu zuen Bululu 2120 konpainiak Sastreren komedia iazko udazkenean, Circulo de Bellas Artesen. Bi saio egin zituzten eta kritika oso onak jaso zituzten. Aurretik testuaren irakurketa dramatizatua egin zuten Bululukoek euren antzerki eskolako aretoan. Idazleak onartu du ez duela orain arteko saiorik ikusteko aukera izan eta “kuriositatea” duela dio: “Ea Malondak eta Bululukoek zer eskaintzen diguten”. Bere hitzetan, “nire lanak hoberen zuzendu dituen zuzendarietako bat da Malonda”.