
Ainhoa Zabalo (Lezo), Julen Mendoza (Errenteria-Orereta), Aiora Perez de San Roman (Oiartzun) eta Amaia Agirregabiria (Pasaia),Merkatuzarren egindako agerraldian.
Urtarrilaren 12an, heldu den larunbatean, Herrira-k antolatutako manifestaziora joateko gonbidapena luzatu diete Oarsoaldeko lau alkateek herritarrei. Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkateak hartu du alkateen hitza eta Bilboko manifestazioan egongo direla esateaz gain, zergatik joango diren azaldu du: “Gure herriaren etorkizun baketsua oinarri sendoen gainean eraiki dadin, denoi dagokigu urratsak ematea, jendarteak eskatzen diguna horixe baita: eragile politiko eta instituzionalen inplikazioa. Horregatik, lau alkateok, pauso hau eman dugu, betiere konponbidearen alde zintzoki gure ekarpena egiteko asmoz”.
Eskualdeko “muturreko” egoerak
Oarsoaldeko presoen egoera zer nolakoa den azaldu dute alkateek. Eskualdean 24 preso daude eta horietatik bakarra dago Euskal Herrian, Aitzol Gogorza hain zuzen ere; Basauriko espetxean dago preso oreretarra. Gogorzak nahaste obsesibo konpultsiboa du. Guztira hamahiru preso dira gaixotasun larria dutenak.
197/2006 doktrina Oarsoaldeko hiru presori ezarri diete: Jokin Uraini (Errenteria-Orereta), Jon Ander Urkizuri (Pasaia) eta Gabriel Zabalari (Pasaia).
“Urainek 27 urte daramatza espetxean. Gaur egun Herrera de la Manchan dago. Berez 2009ko abuztuaren 29an atera behar zuen kalera, baina doktrina aplikatuta 2016an du kaleratze urtea. Urkizuk, berriz, 26 urte daramatza espetxean, gaur egun Teruelekoan dago. 2016an du kaleratze urtea, baina berez 2007ko uztailaren 22an atera behar zuen. Zabala 19 urte daramatza, gaur egun Villabonako (Asturias) espetxean. Aurtengo irailaren 27an ateratzekoa zen, baina doktrina aplikatuta hamar urte gehiago egin beharko ditu espetxean”, azaldu du Mendozak.
3/4ak beteak dituztenak ere badaude eskualdean. Errenteria-Oreretan lau kasu daude: Juantxo Lasa
Txikierdi, Juan Karlos Estevez
Melli, Marina Bernado eta Josu Ziganda. Pasaian, aldiz, hiru dira: Imanol Iparragirre, Gorka Zulaika eta Balbino Saez.
“Egoera horiei berehalakoa eta zuzena den irtenbidea emateko eskatzen dugu, agerikoak diren gizatasun arrazoiengatik”, esan dute alkateek. Horren haritik, konponbidearen alde borondaterik “sendoena” adierazi dute, eta maila guztietan aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmo irmoa nabarmendu dute.
Manifestazioa datorren larunbatean izango da
Giza Eskubideak. Irtenbidea. Bakea lelopean. 17:30ean abiatuko da Casillatik.